Portu Agintaritzak lonjako ustezko irregulartasunen berri iazko uztailetik zuela salatu du LAB sindikatuak

lonja, biziberritzea, lab

Portuko Administrazio Kontseiluan abenduan jakinarazi zuten lanak etenda zeudela

Otsailetik ez. Abendutik gutxienez daude San Pedroko lonjako lanak etenda. Hala jakinarazi du gaur LAB sindikatuak hedabideetara igorritako prentsa ohar bidez.

Eskandalua Pasaiako portuaren kudeaketan izenburupean, lonja berria eraikitzeko lanetan gertatutakoak argitu nahi izan ditu sindikatu abertzaleak. Portuko sindikatu nagusia izanik, Administrazio Kontseiluko kide ere bada LAB, eta ondorioz, azken gertakarien lekuko zuzena  izan da.

Hala, besteak beste, ustezko irregulartasunak fiskaltzara eramatearen alde bozkatu zutela argitu du, eta proposamenak aldeko hiru boto baino ez zituela izan iragan apirilaren 5eko Administrazio Kontseiluan.

Horrez gain, Ricardo Peñak ustezko irregulartasunen berri iazko abenduaren 15ean eman zuela jakinarazi dute, nahiz eta portuko buruak haien berri uztailetik izan. LABek salatu duenez, Peñak berak Estatuko Portuei eskatutako auditoria baten bitartez izan dituzte irregulartasunen berri, eta aipatu auditoria horren emaitzak portura 2015eko uztailean iritsi zirela jakinarazi du sindikatu abertzaleak. Sei hilabete behar izan zituen Peñak gertatutakoen berri Administrazio Kontseiluan emateko.

LABek azaldu duenaren arabera, auditoriak dio “gainkostu guztia justifikatua egon daitekeela, baina ez dela lan publikoetan jarraitu beharreko prozedurarik batere jarraitu”. Aurrekontua aldaketak ez dituzte garaiz izapidetu, ezta ordainketak baimendu ere, eta hala ere, 2015era arte baimenik gabe jarraitu omen dute lanean, “etengabe gainkostuak sortuz eta eraikuntza enpresarekin 1,5 milioi euroko zorra” pilatuz. Auditoreek hori guztia “oso falta larritzat” jo eta, besteak beste, lanen etetea agindu dutela azaldu du LABek.

Kritika zorrotza
Sindikatu abertzaleak gertakari hauek salatu eta proiektuaren hasieratik zuzendaritzak izandako “manerak” deitoratu ditu. “Diru publikoa alferrik gastatzeko bat ere eskrupulurik ez2 dutela izan salatu du LABek “non eta azken urteotan portuan egindako inbertsio publiko bakarrean”.

Gertatutako guztia “zehaztasunez ikertzeko” exijitu du LABek, eta behar diren “neurriak eta erantzukizunak” hartzeko eskatu dute, “jokatzeko modua aldatuz” eta “alde soziala kontuan hartuz”.

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend