Juanra Cano: "Gero arte Xabi"
Putada handia egin diguzu Xabi. Gure artetik joan zara, zure moduan; abisatu gabe. Hasieran ez nuen sinistu nahi; pasa den astean zure mobilaren zenbakia eman zenidan (zu mobilarekin! hamaika eta bi ikusteko jaio gara!) liburu batzuk pasa behar nizkizula eta. Esan zidaten moduan hor zinen, Txara aurreko plazako terraza batean, ingurua kontrolatzen. Kolore ona zenuen; izan ere deigarria suertatu zitzaidan zein moreno zeunden ikustea. Ez genuen gehiegi hitz egin; egia esan ez nuen sekula imaginatuko ez zintudala berriz ikusiko, baina zin dagizut, konpartitu genituen bizpahiru minutu horiek ez ditudala ahaztuko. Eman zizkizuten botikekin kexu zinen, gau txarra pasa arazi zizutela esan zenidan. Urte asko botikak gora eta behera; gehiegi.
Ingeleseko akademia, Pasai Antxo. Zure arreba Itziar genuen irakasle. Irakasle fin eta jatorra. Garai horretan kartzelan zinen; Espainia horretako ziega batean. Ez dut oroitzen Teruel, Almeria edo zein kartzela putatan. Ez zintudan ezagutzen. Zerbait ez zebilen ondo zure barnean, eta orduan ezagutu zintudan, zure aurpegia pegatina batean ikusita. Itziarren antza zenuen. Barruan zinen, eta gaixorik. Eta derrepentean, 1997ko otsailean ezagutu zintudan, Basarin, Antxoko herrikoan. Kalean zinen azkenean, eta gurasoen etxera etorri zinen bizitzera, Antxora. Ez dut egun hori ere ahaztuko. “Zu Itziarren anaia zara ezta?” eta ordutik momentu on eta ez hain onak pasa ditugu elkarrekin, beste antxotar askorekin batera. Añorgatik Amara Zaharreko Pedro Egañara; handik iparraldera, GAL puta horien garairik latzenean; Espainia, talegoak…eta azkenean, bizitza berriz Antxon hasi beharra. Ez zenuen zure burua Antxotartzat inoiz hartu, nahiz eta behin aitortu zenigun moduan, “askotan bakarrik ikusten banauzue ere, badakit maite nauzuela”, eta hala da Xabi, maite zaitugu. Kontu asko konpartitu ditugu, eta gehiago konpartitu ez izanak izorratzen nau. Alde egin duzu bai, baina ez zaitugu guztiz joaten utziko. Hutsune handia utzi duzu Xabier Alkain.