Enplegu Plana garatzeko hiru egitasmo diruz lagunduko ditu Lezoko Udalak. 362 langabe daude herrian.
Lezoko udaletxea (artxiboko irudia)
Hiru egitasmotan banatuta, Enplegu Planari bultzada eman dio Lezoko Udalak: 140.000 euro bideratuko ditu horretarako. Udaleko Lan eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Jose Angel Sanchezek adierazi duenez, planaren arrazoia da Lezon 362 langabe daudela, “udaleko arlo hau kezkatuta dago horregatik, herritarren egoera sozioekonomikoak arduratzen gaitu. Langabezia gizarte gaitza da”. Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta udaleko Gizarte Zerbitzuarekin koordinatu dute plana.
Lezoarrak lan munduan txertatzeko hiru planak honakoak dira:
- Tailer okupazionalak: bertara 32.000 euro bideratuko ditu udala. Baztertze egoeran egon daitezkeen 8-10 pertsonari egunean hiru orduz lan egiteko aukera emango die sei hilabetean. Formazioa eta tailerretan lan egitea da egitasmoaren funtsa.
- Kokatu egitasmoa: horretan 57.000 euro jarriko ditu udalak. Lanik gabe dauden emakumeei zuzendutako egitasmoa da, eta bost emakume sei hilabete lanaldirako kontratatuko lirateke, enpresetan lan egiteko.
- Auzolan programa: Lau pertsonak sei hilabetean lana izango lukete, udalak horretara 51.000 euro bideratu dituelako. Espazio berdeen zainketan lan egingo lukete.
Orotara, 140.000 euroko inbertsio horrekin, 19 lezoarrek izango dute denbora batez lana. Horiek lan munduan txertatzeaz gain, gizarterako onuragarriak diren lagintzetan ibiliko direla nabarmendu du Jose Angel Sanchezek. Hala, udal aurrekontuak onartu izana plana garatzeko “giltzarri” izan dela nabarmendu zu zinegotziak, “eta borrokan jarraituko dugu behintzat udal aurrekontuaren %3 okerren dauden lezoarrei bideratzeko”.