Joseba Barriola: Herri baten irria. ‘Es lo que importa’
Bi iragarki elektoral. Batek eta besteak ezkutuko zentzua daramate.
Ezker Anitzak sinatua da lehena: Herri baten irria, la sonrisa de un país. Errealitate baten azalpena baino egitasmo baten aldarrikapena da. Zer aldarrikaten da? Herri bat… Un País. Garzonen irria. Garzon gaztea da, estimatzen dut. Ezker Anitza-Izquierda Unida de Navarra, zaharragoa da, ez zait hainbeste gustatu… Hain zuzen Herri eta País-en deklinazioan.
Zein da herria? Europakoa, Espainiakoa, Euskal Herrikoa? Edo zein da País? País Vasco, edo España País de Naciones (Pablo Iglesiasen moduan)?
Ez naiz fido kontutan hartzen badut politika antiterrorista etikoki hipokrita, espainiar nazionalista, faltsuki demokratikoa, ekonomikoki ustela, internazionalki erreakzionarioan izan zuen kokapen zeharo ambiguoa; ez naiz fido kontutan hartzen badut Izquierda Unidak nola onartu zuen Erregimenak imposaturiko antolakuntza territoriala (Nafarroa eta Euskal Erkidego Autonomoa bananduz) bere antolakuntzaren printzipiotzat; ez naiz fido III Errepublika sutsuki aldarrikatzen duenean, kosta zaiolako parean jartzea Euskal Errepublika burujabea…
Zein herri-paisena den Garzonen irria? Hauteskunde orokorrak dira, esan gabe doa herri hori eta país hori herri errebelde espainola dela, hori dela Garzonen asmoa, herri hori altxatzea. Jakingo dute zergatik! Hori ez da nik altxatu nahi dudan nazioa, herria, pais-a. Garzonekiko simpatia, bai. Espainiarren askatasunarekiko sinpatia eta laguntza bai. Baina askatasun hori ezinezkoa izango da Euskal Herriaren askatasuna Garzonen egitasmoaren muinean ez badago.
Espainiaren batasuna, ez Francok esana bakarrik, II Errepublikak eta 78ko erregimenak defendatutakoa, indivisible omen da. Eta horrek esan nahi du langile eta herri xume espainiarraren morrontzaren klabe bat dela Euskal Herriaren, eta Catalunyaren, adibidez, libertade falta.
PNVrena da bigarren leloa: Lehena Euskadi. Es lo que importa. Badirudi honekin PNVk esku batekin bedeinkatzen duela egin duena. PNV da, eta orduan, egin duena, definizioz, «Euskadi defendatzea izan da».
Adibidez, Lemoizen alde egon zenean, sutsuki, hori zen Euskadi es lo que importa. Ajuria Eneako itunarekin kanpaina antiterroristari bidea eman zionean (presoen dispertsioa, tortura eta GAL), hori ere zen Euskadi es lo que importa. NATOri baiezko botoa eman zionean, orduan ere, lehena Euskadi zen. Kutxabanken lapurketa orkestatu zuenean, orduan ere, Euskadi zen lehena. TTIPren alde agertzen denean, PNV denez, orduan ezinbestez hori da Euskadirentzat hoberena. Eta jokabide horien kontra daudenentzat, horientzat, Euskadi ez da lehena.
Orduan, ezinbestean galdetu beharra dago PNVk inoiz erantzuten ez duen galdera: Zer da Euskadi, zer da lo más importante, zer da lehena?
PNVren praktikan Euskadik zentzu zehatza du. PNVren Euskadik bi parte ditu: lehena eta agintzen duena, Euskadiko eta bereziki Bizkaiko aberatsak dira, horiek dira guztien artean listoenak, aberastu baitira!
Izenak ezagunak dira: Confebask, Kutxabank, BBVA, Petronor, Iberdrola, El Correo eta El Diario Vasco eta koiunturen arabera Arcelor, Siemens, Gamesa, Catelsa, Mercadona, Eroski eta MCC lehiakorra, neoliberalismoak jana.
Euskadiren beste partea da bertako jendea, morroi otzana bezala portatzen dena. Beldurrez edo zuhurtasunkeriaz, edo burukideen hitzetan sinistuz egiten uzten duena. PNVren Euskadi, duela 250 urtetik hona, matxinadaren beldur dagoen Euskal Herriko handikien Euskadi da.