EuskoTren Liga arrosa kolorearekin hasi da. San Juanek irabazi ditu Orioko eta Donostiako banderak. Hibaika ez dute urrun, baina jada diferentziak markatzen hasi dira sanjuandarrak.
Sanjuandarrak, atzo, bandera eskuan Kontxan. Argazkia: Josu Z.
Emozioz beterikoak izan dira emakumeen
EuskoTren Ligako lehen bi estropadak. San Juanek etxera eraman ditu larunbateko Orioko bandera eta atzokoa, Donostiako Eusko Label. Baina Hibaika ez du urruti izan, bigarren izan dira errenteriarrak bietan. Laburtuz: San Juanek iazko nagusitasunarekin jarraitzen du liga horretan, Hibaikak sailkapena lortzeaz gain garaipenen borrokan egongo dela garbi adierazi du, eta azkenik, Hondarribiko trainerua, bi estropadetan azkena izan arren, bere lana egiten ari da: esperientzia pilatu, borrokatuz.
Hibaika, atzo, Kontxan lehian. Argazkia: Josu Z.
Biko liga izango da 2016ko EuskoTren. Goi-Goian San Juan eta Hibaika ibiliko dira, Orio saiatuko da sorpresaren bat ematen, eta Cabok traza du laugarren postua baino gehiagorako ez duela emango. Lau traineru horiek jokatuko dute emakumeen liga nagusia, baina hasieratik, denek ala denek dute markatua euren bidea. Egia da ere lehen bi estropada horiek erlojuaren kontrakoak izan direla, ez dira aurrez aurre egon traineru arrosa eta beltza. Txanda berean ateratzen direnean ikusi beharko gauzak nola diren.
Orain zalantza izango da hurrengo sei banderetan zer gertatuko den. Hau da, San Juanek edo Hibaikak irabaziko ote dituzten horiek. Lehen kolpea, latza, arrosek eman dute, 6-7 segundoko aldea atera diete errenteriarrei lehen bi bogaldietan. Baina Hibaikak baditu argumentuak hori iraultzen saiatzeko, eta ziur, saiatuko direla. Baina San Juan handia dute aurrean. Hirugarren urtez, bi taldeen lehia historikoak kapitulu oso interesgarriak biziko ditu ez bakarrik EuskoTrenen, Gipuzkoako Ligan ere.