Urrats asko egin direla madalenetan indarkeria espezista baztertzeko, baina oraindik ere animalien aurkako "praktika onartezinak" izan badirela salatu du Askekintzak.
Bola erraldoiaren entzierroa bitan egingo dute aurtengo madalenetan.
Urrats asko egin direla madalenetan indarkeria espezista baztertzeko, baina oraindik ere animalien aurkako “praktika onartezinak” izan badirela salatu du Askekintzak. Egindako urratsen artean bigarren urtez idi demarik ez dela izango Errenteria-Oreretako jaietan azaldu du animalien eskubideak defendatzen dituen elkarteak, “sokamuturra egun bakarrean egingo dute eta herri bazkarian aukera beganoa izango da berriz ere”.
Animaliak erabili gabe ondo pasatzeko aurten bola erraldoiaren entzierroa egingo dute bigarrenez. Hilaren 22an eta 23an 07:00etan hasiko da entzierroa Migel alduntzin kalean. “Iaz izan zuen arrakasta ikusita aurten bi metroko diametroa duen bola erraldoi iraunkorragoa eta hobe batekin egingo da eta beste bi bola txikiago erabiliko dira”.
Txosna guneak janari beganoari eskainitako espazioa izango duela abarmendu du Askekintzak, bestalde, “horrekinbatera bertako produktu eta edari ekologikoen aldeko apustua egin dugu. Aukera zabalagoa izango da eta menuak ere eskainiko ditugu egunez eta gauez, janari azkarraz gain”.
Horrekin batera haurrentzako bi tailer antolatu ditu animalien eskubideen aldeko taldeak: bola erraldoiaren margoketa bata, eta animaliekiko errespetua lantzeko bestea. Sukaldaritza begano tailerra eta patata tortila begano lehiaketa ere antolatu dituzte.
Praktika onartezinak oraindik
Aurrera egin bada ere, madalenetan oraindik badagoela lana egiteko indarkeria espezistarik gabeko jaiak lortzeko gaineratu du askekintzak, “sokamuturra, arrantza txapelketa eta galeperrari eta usakumeari tiro txapelketak jomugan daude”. Arrantza txapelketan arrainak uretara itzultzen badira ere uretatik ateratze hutsak agonia eta amuak zauriak eragiten dizkiela gaineratu du Askekintzak. Galeperrari eta usakumeari tiro txapelketan, berriz, “plazerragatik” hamarnaka animalia hiltzen dituztela gaineratu du taldeak.
Errenteria-Orereta zoriondu egin du azkenik Askekintzak, “emandako aurrera pausuengatik eta indarkeria espezista madalenetatik kanporatzeko egiten ari den esfortzuagatik”.