Oreretako EH Bildu: Gora Madalenak!
Herriko egutegiko egun garrantzitsuenen aurrean gaude, zalantzarik gabe. Herriko jaiak, gozamen eta aisialdirako espazio izateaz gain, gure buruei eta bisitatzen gaituztenei zer garen erakusten diegun bost egun dira. Beraz, espazio erreferentzial bat bihurtzen dira, eta horrela, ezin ditugu pasibitatez bizi, festen izatea eta herria bera eraldatzeko aukera bezala baizik.
Eraldaketa komunaren eraikuntzaren gakoei dagokienez, festak ez ditugu EH Bilduko militanteen ikuspegitik ikusten, baizik eta herritar eta bizilagun guztien artean eraikitzeko dugun proiektu partekatua bezala. Festak, azken finean, geroz eta parte hartze handiagoarekin egiten direnez, komun eraikitze ariketa bihurtu dira.
Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Jai Batzordeak egiten duen lana. Paradigma berriak landu eta bultzatuz, apustu zuzena egiten dute publiko-komunitarioa den eredu baten alde. Demokrazia sustantibizatzen du euren ereduak, eta erabakitze esparrua parte hartze ariketa bihurtzen du. Festen testuinguruan, Jai Batzordeak errealitate politiko eta soziala sortzeko aukera gauzatzen du.
Beraz Jai Batzordean edo beste espaziotatik hainbeste lan egiten duzuen guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Denon artean festa hauek ospatzea ahalbidetzen duzue. Nabarmendu nahi dugu, baita ere, jarduera autogestionatuak irabazten ari diren espazioak: Kuadrilen Egunean, txosnagunetan edo Jai Batzordean bertan. Espazio horietan guztietan elikadura subirautzaren alde egiten ari den apustuak argi erakusten du, gozamenerako espazioa izateaz gain, eraldaketarako gunea ere badirela festak.
Euskarak ahalik eta espazio gehien, eta batez ere zentraltasuna, irabaztearen alde ari diren guztiek ere txalotzeko moduko lana egiten dute. Feminismoak erakutsi digu publikoa pribatua dela eta pribatua publikoa. Leloa, euskarari aplikagarria da, euskaraz bizitzea eskubide bat izan behar bailuke. Eta askok eta askok lanean diharduzue festetan ere, edo agian horrexegatik, euskaraz bizi ahal izateko espazioak sortzea garrantzitsua da.
Autokritikarako tartea ere hartu behar da. Jaien eredu eta molde zaharrek dakarten elementurik okerrena bere izate patriarkala eta honek sortzen duen biolentzia eta eraso matxistak dira. Feminismoa emakumeen tresna bat izateaz gain, guztiontzat beharrezkoa den tresna da, gizarte batean dauden botere harremanak detektatzen laguntzen baitigu. Horregatik jotzen dugu gure burua feminista gisa. Horregatik ere erakutsi behar dugu jarrera aktibo bat eraso matxisten aurrean, pertsonak ezberdinak direla oinarritzen den botere harremanen aurka gaudelako, baita ere patriarkatuak eragiten duen biolentziaren aurka.
Azkenik, ezin ditugu ahaztu hainbat arrazoirengatik festa hauek herrian biziko ez dituzten pertsonak. Bereziki arrazoi ekonomikoengatik erbestea jasaten ari direnak edo espetxetan preso dituztenak.
Gozatu jaiak, bizi, hezi, lan egin eta parte hartu. Egin ditzagun harro sentitzeko moduko festak; denontzako diren festak; eraldatu ditzagun festak eta herria.