20:00etan manifestazioa abiatuko da Agirre Lehendakariaren plazatik, azken orduetan izan diren eraso sexistak salatzeko.
Mugimendu feministak eta eragileek eraso sexistak salatzeko egin duten agerraldia.
“Nazkatuta gaude, madalenetan ere baboso eta erasotzaileak kanpora”. Hitz horiekin hasi dute herrian zein Lezon azken orduetan izan diren hiru eraso sexistak salatzeko mugimendu feministako kideek eta Errenteria-Oreretako eragileek egin duten agerraldia. Eraso horietako bi Errenteria-Oreretan izan dira, eta hirugarrena, berriz Lezon. Azken horretan herritar baten eskuhartzeari esker emakumeak garaiz jaso zuela laguntza jakinarazi dute. Hiru erasoak salatzeko bi mobilizazio deitu dituzte gainera datozen egunetan. Gaur bertan izango da lehenengoa. 20:00etan manifestazioa abiatuko da Agirre Lehendakariaren plazatik.
Lezon, bestalde, etzi (asteazkena) elkarretaratzea egingo dute 19:30ean Gurutze Santuaren plazan. Bi protestekin bat egitera deitu ditu mugimendu feministak herritar guztiak.
Nazka eta amorruak gainezka eginda azaldu dira, eta erasoen aurrean “kolektiboki eta tinko” erantzuteko prest, eta horren harira, autodefentsarako hautua egin dutela eta horretan jarraituko dutela esan dute, “indarkeria sexista gure eguneroko ogia izaten jarraitzen duen bitartean. Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak, eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen”.
Bidea luzea dela kontziente direla esan dute bildutakoek eta indarkeria matxista errotik ezabatzeko polizia eta epaileen neurri zigortzaileez gain, bestelako jarrera, ekintza eta neurriak beharko direla: “kalea gurea da, gure auzo eta herrietan libre ibili nahi dugu, eta eraldaketa bidean, espazio guztiak hartu behar ditugu emakumeok, eta horietan guztietan libreki mugitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Erasoen aurrean ez direla kokilduko esan dute agerraldian, “ezta ixilik geldituko”. Horren harira, Lezoko erasoan herritar batek izan duen inplikazioa txalotu dute bildutakoek, eta erasoen aurrean beste aldera ez begiratzera deitu dituzte herritarrak, “denon ardura eta parte hartze kolektiboa behar dugu emakumeok. Erasotzaileak izen abizenekin ezagutu, gure kaleetatik baztertu eta kanporatu arte, autodefentsan kolektiboki zein indibidualki sakontzen jarraituko dugu”.