Etxetxo taldearen gutuna: “Etxetxokoen sarraskiaz”

etxetxo

Etxetxo baserria zena

Lezon, memoria historikoa berreskuratzeko taldea sortu dute, Etxetxo du izena. Gaurko egunez, 1936an, erreketeek familia bat hil egin zuten Lezon. Horren harira, Etxetxok honako gutuna bidali du HITZAra.

“Gaur uztailak 27, egun seinalatua gu guztiontzat, laurogei urte betetzen direlako (1936-2016) lezoarron historian letra larriz idatzita, zizelkatuta, geratu den gertakari latz eta krudel hartaz.

Maria Oiartzabal Lekuona, 48 urtekoa  sortzez errenteriarra eta Francisco Usabiagarekin ezkondu eta gero Lezoko Etxetxo baserrian bizi zen.  Familia hazi eta zoriontsuen izan behar zuen garaian faxisten atzamarretan erori eta bizia kendu zieten krudelki lauoi,  hots, Mariari eta berarekin zihoazen hiru semeei  (Domingok 24 urte, Crisóstomo Enriquek 20 urte eta Sebastianek 17 urte).

Faxistak edota erreketeak Irun aldetik zetozen beraien ibilbidean izua eraginez, eta pasaeran topatzen zuten edonor  akabatuz, errepresioaz  eta bortizkeriaz indarra erakutsiz eta horrela herritarrak kikilduko zirelakoan agintarien edota faxisten alde, hauei men eginez eta obedituz.

Eta Etxetxo baserria faxistak Donostiarantz hartutako ibilbidean parez pare zegoenez aipatu  familia honek nonbait etxetik atera eta Miura baserrira joateko erabakia hartu zuen,  hauekin elkartu eta  babestuago egongo zirelakoan, baina uste baino lehen harrapatu zituzten bidean eta modu basatian, akabatu zuten euren biziekin,  hiru semeak lehenik eta ama ondoren,  hiru  hilketen lekuko izan eta gero. Guztiak baionetaz erailak izan ziren Lezoko Erregistro zibileko heriotza agirietan argi azaltzen den gisa.  Hori baino sarraski eta krudelkeria handiagorik!

Ondoren basakeriak jarraitu zuen herria bonbardatzen eta hilabete baino lehen, abuztuaren 26an, bonbek beste hiru lagun erail zituzten Felix Arriaga (53 urteko kale garbitzailea)  Esperanza Sein (21 urtekoa) eta Carmen Ginto (2 urteko haurra), kalean hizketan ari zirela.

Hasiera beldurgarriagorik zaila da imajinatzea, eta 80 urte pasa diren arren, ez ditugu ahaztu nahi  hauekin hasi eta ondoren erail zituzten lezoar biktima inozente guztiak. Oroimen eta ohorea guztiekiko!”.

Etxetxo, Lezoko memoria historikoa berreskuratzeko taldea

Bestalde, OARSO BIDASOKO HITZAk publikatzen zuen ON aldizkarian sarraski horren gaineko erreportajea argitaratu zen, aldizkari horren 26. zenbakian, 2006ko irailean.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend