Xanistebanetarako antolatutako lau ekitaldiren debekua salatu dute agerraldi jendetsu batean, Jai batzordeak deituta.
Jai Batzordean 35 eragile. Gaur, hemen, herria lelopean egin dute agerraldia.
Jai Batzordeak deituta, agerraldia egin dute batzordea osatzen duten 35 eragileetako ordezkariek zein beste hamarnaka herritarrek. Euren haserrea adierazi nahi izan dute, bukatzear dauden xanistebanak ez baitira eurek antolatu zituzten bezalakoak izan. Izan ere,
hainbat ekitaldi debekatu zituzten, eta gaur azaldu dutenez, “ezohiko xanistebanak” izan dira, eta hainbat “tentsio egoera” bizitu dira.
Nabarmendu dute Jai Batzordea 35 eragilek osatzen dutela, eta hein batean, herriaren ordezkari ere badirela. “Denontzat egun bereziak dira hauek; auzolanean jaiak antolatu eta lanean buru-belarri aritzeaz gain, ongi pasatzea dugu helburu. Horregatik, herritar orok lekua bermatua izango duen egitarau oparoa osatzeko egin dugu lan”, adierazi dute.
Ongi pasatzearekin batera, baina, xanistebanetan aldarrikapenek bere lekua izan behar dutela iritzi dute. Horregatik, herritar guztien eskubideak “bermatuak” izatea da euren nahia. Horregatik, herritik dispertsatuak dauden presoen eskubideak errespetatzea eskatu dute. “Herreran 620 kilometrora, Sorian 261 kilometrora eta Valentzian 601 kilometrora dauden oiartzuarren eskubideen urraketak urte guztian bezalaxe, jaietan ere presente ditugu”, gaineratu dute. Horregatik, etxetik gertuen dauden espetxeetan egotea eskatzea delitua ez dela uste dute.
“Ez zaigu onargarria iruditzen”, jarraitu dute, “guretzako hain garrantzitsuak diren egun hauetan inork, ez xanistebanetan ez inoiz, giza eskubideen aldarrikapena eta eskubideen urraketen salaketak debekatuaz, festak baldintzatzea”.
Azkeneik, Jai Batzordeak, modu batean edo bestean, babesa eman dieten herritarrei eskerrak eman dizkiete: “Debeku guztien gainetik, Xanistebanak jarrera duin bezain irmoz ospatzea lortu dugu. Oztopoak oztopo, jarrera zein herri ditugula erakutsi dugu. Zorionak Oiartzun!”.