Kanpaina bateratua egingo dute Oarsoaldeko sei euskaltegiek eta lau udalek. Gaurtik hasita hilaren 30era arte izango da zabalik Zatoz kanpaina.
Borja Arbelaitz, Garazi Lopez Etxezarreta, Izaskun Sagastume, Ane amondarain, Jexux Mari Martiarena eta Ioritz Aizpuru.
Oarsoaldeko euskaltegiek ikasturte berriko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute gaur eguerdian udal ordezkarien babesarekin, Bizarain mendian, San Markoko gotorlekuaren behatokian.
Errenteriako eta Pasaiako udal euskaltegiek, eta Xenpelar AEK (Errenteria-Orereta), Oroitzene AEK (Lezo), Txirrita AEK (Pasaia) eta Intxixu AEK (Oiartzun) euskaltegiek Oarsoaldeko lau udalekin kanpaina bateratu egingo dute. Gaur zabalduko dute izena emateko kanpaina eta hilaren 30era bitartean izango dute aukera izena emateko euskara ikasi nahi dutenek.
Oarsoaldeko sei euskaltegietan eskaintza zabala izango dute euskararen unibertsoan murgildu nahi dutenek. Hala nabarmendu du Garazi Lopez Etxezarretak, Errenteriako Udaleko Euskara zinegotziak, “kanpainaren helburua, herritarrak euskara ikasteko edo dakitena hobetzeko euskaltegietan izena ematea da. Bertan, ikastaro mota ezberdinak aurkituko dituzte, ikasturtekoak, trinkoak, bereziak. Herriar guztiei erantzuteko modukoak”.
Ane Amundarainek, Errenteriako Udal Euskaltegiaren zuzendariak, izena ematera animatu ditu euskaraz ez dakiten edota hura hobetu nahi dutenak, “gure familian ohiko hizkuntza izan dadin; gure taberna, jatetxe edo saltokietan bezeroak euskaraz datozenean artatu ahal izateko”. Euskaltegiaren eta ikastaroen gaineko zalantzak argitzeko gainera, Errenteriako Udal Euskaltegiak ate irekiak egingo dituela hilaren 10ean eta 17an gaineratu du Amondarainek.
Kanpaina koloretsua eta positiboa
Koloretsu dator kanpainarako aukeratu duten ikurra, “positiboan egin nahi genuen”, azaldu du Oarsoaldeko AEKren zuzendari Borja Arbelaitzek, eta orain arte euskara ikasi edo hobetzeko aukerari heldu ez dietenei, gonbita luzatu die, “aitzakiak aitzaki, orain da unea”.
Kanpaina koloretsua, gainera, lau haizetara zabalduko dutela gaineratu du Arbelaitzek: “Hilaren 12tik 25era kanpainaren leloa eta irudi koloretsua eramango du hiru gurpiletako txirrinda edo txitak lau udalerrietako kaleetatik barrena”. Errenteria-Oreretan hilaren 12, 13, 14, 15, 19, 23, 24 eta 25ean ibiliko da; Lezon, 13,14 eta 18an; Oiartzunen, 21, 22, eta 23an; eta Pasaian, 13,14,16,17 eta 20an.
Izaskun Sagastume, Pasaiako Udal Euskaltegiko zuzendariak, sei euskaltegietan “asmo, helburu eta beharrei egokitutako eskaintza” aurkituko dutela esan du, bestalde, “bai mailei eta baita ordutegiei dagokienean ere”.
Gainera lau udalek euskara ikasteko matrikularen kostuaren %80 eta %100aren arteko diru laguntzak emango dituzte. Aurreko ikasturtean Oarsoaldeko sei euskaltegietan 840 lagun inguru aritu ziren euskara ikasten edo dakiten hori hobetzen.