Aitzol Gogorza etxeratzea eskatuko dute astelehenean
Errenteria-Oreretako Sarek eta Oiartzungo Sarek deitu dute elkarretaratzea 19:00etan Iztietako anbulatorioaren aurrean, eta bertan, herritarrekin batera osasungintzako langileek hartuko dute parte.
Aitzol Gogorza, larri gaixorik den euskal presoa etxeratzea eskatuko dute datorren astelehenean. Errenteria-Oreretako Sarek eta Oiartzungo Sarek deitu dute elkarretaratzea 19:00etan Iztietako anbulatorioaren aurrean, eta bertan, herritarrekin batera osasungintzako langileek hartuko dute parte. Obsesio konpultsio desoreka eta desoreka depresiboa autolisi arriskuarekin ditu Gogorzak, eta Basauriko espetxean dago egun. Asteleheneko elkarretaratzearekin bat egitera deitu ditu herritar guztiak Sarek, baita hilaren 15ean larri gaixorik diren bederatzi euskal presoen etxeratzea galdegiteko Donostian egingo duten manifestazioarekin ere. 17:00etan abiatuko da azken hori Bulebarretik, eta Aitzol Gogorza, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jagoba Codo, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Ibon Fernandez Iradi, Gorka Fraile eta Garikoitz Arruarte etxean nahi dituztela esango dute bildutakoek. Errenteria-Oreretako Sarek, bestalde, manifestua atera du atxikimenduak lortzeko. Bertan, larri gaixorik dauden euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzea, eta Donostiako manifestazioarekin bat egitera deitzen dute sinatzen dutenek.