[Argazkiak eta bideoa] Erabakitzera doa Oarsoaldea
Galdeketa Oarsoaldeko lau udalerrietara heldu artean, azaroaren 6ko giza katea da Demoarsoren lehen mugarria. 10.000 lagunek Pasaiako Badia inguratuko dute.
Demoarsoren lehenengo mugarria azaroaren 6ko giza katea izango da.
Erabakitze eskubidearen alde urrats berria egin du gaur goizean Demoarsok. Oarsoaldeko lau udalerrietan, Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen, martxoaren 19an egingo diren galdeketei begira jarri, eta ordura arteko bide orria aurkeztu du gaur Merkatuzar aretoan hamarnaka herritarrekin batera. Oarsoaldeko herri guztietan Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela aitortzetik, postontziak atera eta erabaki eskubidea gauzatzera doan urratsa egingo dutela esan du Demoarsok aurkezpen ekitaldian: “Normaltasun demokratikoz, gatazka eta inposizioen gainetik, ekimen herritar batetik abiatutako prozesu parte hartzaile, anitz, garden eta eraikitzailearen bidez”.
Galdeketa heldu artean lau mugarri jarri ditu Demoarsok. Azaroaren 6an izango da lehena. Sekulako erronka antolatu dute egun horretarako, dinamikak 10.000 inguru lagunen eskuak batuko ditu Pasaiako badiaren 8.500 metroak inguratuta: “Bukaerarik izango ez duen giza kate infinitua egingo dugu eskualdearen aniztasuna azalduko duen giza kate alai eta koloretsuan. Jatorri, auzo, lanbide, zaletasun eta sentsibilitate desberdinetako pertsonon artean osatuko dugu, eskualdeko elkarte kultural, sindikal eta politikoekin egingo dugu”.
Azaroaren 6an, gainera, 83 urte beteko dira 1933. urtean Autonomia Estatutuaren gaineko galdeketa egin, eta Oarsoaldeko emakumeek bozkatzeko eskubidea lehen aldiz gauzatu zutenetik.
Katean parte hartzeko ibilbidea tramotan banatu eta tramu bakoitzeko boleto eta zapia jarri du salgai Demoarsok.
Galderak definitu
Azaro amaieran jarri du dinamikak bigarren mugarria. Orduan abiatuko ditu herriz herri galderak definitzeko prozesu parte hartzaileak: “Erronka izugarri hau posible egiteko boluntarioak lortu eta aktibatuko ditugu, bozkalekuak zehaztu, eta galdeketak egiteko lantaldeak osatuko ditugu besteak beste”.
Aurrekanpaina helduko da ondoren, urtarrilean, eta Demoarso etxez etxe joango da martxoaren 19ko deialdia zabaldu eta atxikimenduak biltzeko. Otsailean azkenik, martxoaren 19ra bitarteko kanpaina egingo du erabakitze eskubidearen aldeko dinamikak, “erabakira eramango gaituen kanpaina herritarra”.
Bide orria aurkeztuta Oiartzungo Beira taldeak hainbat sortzaile ezagunekin sortu duen Demoarso iniziatibaren Galdetu egin nahi dugu abestiaren aurrerapen bideoa erakutsi dute, eta eskuak altxata eta irrifartsu atera dute ondoren gaurko ekitaldian parte hartu duten lagunek familia argazkia.
Ekitaldia amaitzeko Gure Esku Dago dinamikako Zelai Nikolas, Mario Zubiaga eta Imanol Esnaolak solasaldia egin dute Xabier Oleagak gidatuta.
Ekitaldiarekin pozik
Gaurko ekitaldiarekin pozik azaldu da Imanol Esnaola Demoarsoko kidea erantzun zabala izan duelako, “Oarsoaldeko herrietako jende ezaguna etorri da, eta pertsona hauen bidez nahi genuke ahalik eta jende gehienarengana iritsi. Euskaltzaleetatik harago, jatorri, bizibide eta sentsibilidade ezberdina duen jendearengana”.
Azaroaren 6ra begira jarrita dagoela iniziatiba gaineratu du, eta egun horretan, zehazki, erabakitzeko eskubidearen alde eta martxoaren 19ko kontsultaren aldeko dinamikara lotu daitezen, Oarsoaldeko ahalik eta aniztasunik handiena saretzea dutela helburu.
Oarsoaldeko lau udalerriekin batera, Euskal Herriko beste 100 herri inguruk gisako ariketa egingo dute udaberrian.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.