“Txapel hau lor dezakezun gorena da dantzan”

Idoia Besada dantzari pasaitarra.

Idoia Besada dantzari pasaitarra.

Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa irabazi du Idoia Besada pasaitarrak. Txapela lortuta urteko osoko lanaren uzta jaso duela uste du hemeretzi urte oholtza gainean bete dituen dantzariak.

Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa irabazi duzu. Zer suposatzen du horrek?
Urte osoko lanak zerbaitetarako balio duela sentitzen duzu. Helburua ez da irabaztea. Irabazten duzunean, ordea, sinestezina da, oraindik ere ez dugu sinetsi. Beste txapelketa bat da, baina azkenean titulu hori ematen dizute. Urtero sentsazioa ezberdina da, eta aurtengoa izugarria izan da. Poz handia sentitu dut.

Zergatik izan da berezia aurtengoa?
Udaberriko kideek —Tolosan dantzan nabilen taldea— babes osoa erakutsi digutelako. Epaimahaia lehenengo postuan gelditu zirenen izenak esateko altxa zenean, Udaberriko guztiak altxatu eta Xabi eta Idoia jo ezazue goia idatzia zuten zapiak atera zituzten. Hunkigarria izan zen. Urtero da berezia, eta helburu hori lortzea izugarria da, txapel hau lor dezakezun gorena da euskal dantzaren munduan.

Zenbat urte daramazu oholtza gainean eta zenbat sari eskuratu dituzu?
Lau urterekin hasi nintzen dantzan, eta hamarrekin txapelketetan. Lehenengo txapelketa Zumarragako bikote batekin egin nuen eta desastrea izan zen [barre egin du]. Gero, Lezoko Iker Sanzekin aritu nintzen: Gazteen Euskadiko Txapelketa irabazi genuen, eta Segurakoan lehen aldiz aurkeztuta hirugarren egin genuen. Jon Ibarguren azpeitiarrarekin aritu nintzen gero, eta elkarrekin Segurako 2011 eta 2012ko txapelketak irabazi genituen. Irurako Xabi Artolarekin irabazi dut Segurakoa orain. Hirugarrena da niretzat.

Iker Sanz aipatu duzu, bikote izan zineten garai batean. Bera bigarren sailkatu da aurtengo Segurako txapelketan. Berriz ikusiko al dugu Sanz-Besada bikotea dantzan?
Ez, ez… Ez dut uste. Txikitan aritu ginen dantzan elkarrekin, eta ondoren, hark erabaki zuen Villabonako beste bikote batekin dantzan hastea.

Hemeretzi urte daramazu dantzan. Ibilbide honetan zailena zer izan da?
Entseatzen ibili behar duzu denbora guztian, izan zaitezke ona, ni ez naiz hala kontsideratzen, baina gogor egin behar da lan. Zailena edo gogorrena hori da, entseatzeko denbora ateratzea.  Xabi [Artola] eta ni ikasten ari gara, ni Ingeniaritza Biomedikoko masterra egiten ari naiz, hura arkitektura egiten, eta denbora asko behar dugu ikasketetarako. Tolosan elkartzen gara entseatzeko, eta zailena da denbora ateratzea. Helburu bat lortu nahi baduzu, denbora eskaini behar diozu.

Garrantzitsuena txapelketa batean zer da. Zeri erreparatzen dio epaimahaiak?
Dantzari txikien epaimahaikidea naiz ni, eta berez, zailtasuna eta pausuak, goiko aldearen mugimendua, alaitasuna eta erritmoa puntuatzen dira. Guri aurten esan digute publikoarengana iristea lortu dugula, transmititzea lortu dugula. Gu saiatzen gara teknika ongi egiten eta disfrutatzen, eta esan digutenez, aurten lortu dugu disfrutatzea, baita gozaraztea ere. Oso garrantzitsua da hori guretzat, helburua irabaztea delako, baina baita ikusleei gozatzea eta gozaraztea ere.

Hasi zinen garaitik gaur egunera hemeretzi urte joan dira. Dantzaren munduan alderik nabaritu al duzu?
Txapelketako mugimendua jaitsi egin da, jende gutxiagok parte hartzen du. Aurten txapelketa bat bertan behera utzi behar izan dute. Txapelketetan, soltean  zein aurreskuan, jaitsiera nabarmena izan da. Pena handia ematen dit horrek. Euskal dantzak bultzada bat behar duela uste dut, ez bakarrik txapelketek, euskal dantzek orokorrean. Kultura aldetik gutxiago ikusten da eta saiatu behar dugu euskal kultura bultzatzen.

Herri batzutan bada dantza talde indartsurik, baina beste askotan ez. Jarraitu behar dugu euskal kultura sustatzen, urteak daramagu honetan eta galtzea pena da. Arrazoia ez dakit zein den, presioa izan daiteke txapelketen kasuan…

Hurrengo erronka?
Hurrengo urteko Segurako txapelketa irabaztea dut hurrengo erronkatzat. Lasai-lasai hasiko gara aurten, orain geldialdia behar dugu Xabierrek eta biok. Presiorik gabe hasiko gara, gutxinaka, eta ikusiko dugu.

Dantza ibilbidean unerik goxoena?
Irabazitako txapelketa bakoitza. Une hori bizitzea. Dantza bikotearekin eguneroko lana ere goxotasun horren barruan sartzen da nire ustez. Ia bi urte daramatzat Xabirekin dantzan eta harreman berezia dugu. Oso garrantzitsua da dantza bikotearekin hori.

Zer du berezia dantzak?
Zaila da hitzekin adieraztea. Ezin dut utzi, adikzio modukoa da dantza niretzat. Asetzen nau. Une honetan unibertsitatetik ateratzeko modu bat da, bete  ondo pasarazten didan zerbait da dantza, une on asko eman dizkit, gainera. Sentimendu modukoa da, oholtza gainean zaudenean ez zaude ezertan pentsatzen, horretan sartu eta disfrutatzen duzu.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend