Gau Beltzaren festa hedatzen hasia da Euskal Herrian; argazkian, oiartzuarrak.
Geureari eutsiz lelopean Gau Beltza antolatu dute San Pedron lehenbizikoz. Jaiarekin garai bateko ohiturei keinu egin nahi zaie, eta helloween kutsuko festa ordezkatu, euskal kulturan urtetan egin izan direnei erreparatuta.
Astelehenean, hilak 31, 17:30ean hasiko da festa, pilotalekuan. Mozorroak, musika tresnak eta eguzki-loreak prestatuko dituzte lehenik, ondoren 19:30ean, horiek guztiak hartu eta “kale zaharreko arima ilunak uxatzeko zarata eginez eta eguzki-loreak zintzilikatuz”.
19:30ean sua piztuko dute plazan, eta han bertan gaztainak ere, jarraian suaren bueltan, “ipuin ilunen sesioa” ospatzeko. Patata Tropikala taldekoek girotuko dute sesioa, eta herritarrei beren ipuinak prestatzeko eskatu diete.