Donibanetik aterako den hautetsontzia eta San Pedrotik irtengo den bozka aurkeztu dituzte, Oiartzunen.
Lekukoen eramaleek agerraldia egin zuten atzo.
Demoarsok erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea deitu du azaroaren 6rako. San Pedrotik irtengo da botoa irudikatuko duen gutun handia, eta Donibanetik hautetsontzia, Errenteria-Oreretako Gamon Zumardian elkartzeko.
Gutuna eta hautetsontzia eskuz esku eramango dituzte, ehun metroko tarteetan, lekuko eramaleek. Bakoitza bere sektorean erreferente da, eta atzo Oiartzungo elizara joateko eskaileretan agerraldia egin zuten, giza katean parte hartzeko deia eginez. Lekukoen eramaleen jatorri anitza nabarmendu zuten.
Imanol Esnaola Demoarsoko eledunak adierazi zuenez, erronka “izugarria” da, “baina are handiagoa ilusioa”. Gaineratu zuenez, “ezinbestekoa” da konplizitateak ehuntzea, eta elkarrekin adostu eta erabakitzea. “Gure Esku Dagoren jarrera errealitate bilakatu nahi dugu: jende zoriontsua herri libre batean”.
Datak “sinbolismo handia” duela esan zuen Esnaolak, azaroaren 5ean 83 urte beteko baitira Oarsoaldeko emakumeek botoa emateko eskubidea egikaritu zutenetik. Batzordeen Autonomia Estatutua bozkatu zuten orduan.
Giza katea 12:15ean hasiko da. San Pedron Torre plazan hasiko da eta Donibanen, berriz, Santiago plazan. Bertan parte hartzeko zapia hartu beharko da, bost euroren truke.