Urriko plenoa egin zuten asteazkenean, eta EH Bilduren aldeko botoekin atera zen proposamena aurrera.
EAJren aurkako botoa azaldu zuen Bergaretxek.
Azkar joan zen asteazkeneko udalbatzarra.
Zortzi puntuko gai zerrenda aztertu zuen Udalbatzak. Gehienak administrazio tramitekoak izan ziren.
Joko gehien eman zuen gaia Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) hizpide zuena izan zen. 2010ean Gasteizko gobernuko Ingurumen Sailak baimena eman zien, eta aurtengo apirilean baimen hori bera aldatu du, Zubietako errauste planta eraikitzeari bide emateko. Udalak gora jotzeko errekurtsoa jarri zion erabakiari, oiartzuarren interesen kontrakoa delakoan. Lurralde sailburuordetzak ez zuen onartu gorako errekurtsoa, eta Donostiako Epaitegian auzi errekurtsoa jartzea erabaki dute, EH Bilduren aldeko botoekin.
EAJk kontran bozkatu zuen. Rafael Bergaretxe bozeramaleak azaldu zuenez, gorako errekurtsoari baiezkoa eman zioten, baina gaia zein zen oso argi ez zutela jakinarazi zuen. Asteazkenean bertan Lurralde Sailburuordetzak txostena jaso zuten, eta ezezko botoa ematea adostu zuten.
Beste puntu batean, Lanbarrenen kamioientzako aparkalekuak egiteko bigarren fasea hastea onartu zuten. Horrela, bi eremu desafektatzea erabaki zuten plenoan. Gainontzeko puntuak ere aho batez onartu zituzten.