Santi Angulo: Gazteak eta etxebizitza
Urriko udalbatzarrean PSOEk gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak ematea eskatzen zuen mozio batean, gazteak emantzipatzea ahalbidetzeko asmoz.
PSE-EEri zera gogorarazi nahi diot: 1998an Eusko Legebiltzarrak lege bat onartu zuen, Lurzoru Ondare Publikoaren legea hain zuzen, eta bertan Udalari gastu arrunteko % 10 jasotzeko derrigortasuna ezartzen dio, ondasunen zertarakoaz hitzez hitz horrela dioena: “Udalaren lurzoru-ondarea babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko izango da batik bat, eta, gainera…” beste erabilera batzuk aipatzen ditu. Areago, 2003an Oreretako Udalaren aurkako helegite bat jarri zen, aipatu legeari muzin egiten ziolako, eta 2007an epai batek Udala etxebizitza sozialak sustatzeko 3.600.000 euro jartzera zigortu zuen. Aipatutako urte bukaeran, Udalbatzarrak epai hori betetzeko hitzarmena onartzea erabaki zuen, Esnabiden alokairu sozialeko 27 etxebizitza eta Arramendin gazteentzako alokairu sozialeko apartamentuak eraikiz.
Zoritxarrez, gure herriko Udalak ez du ez legea, ez epaia, ezta hitzartutakoa ere bete (zenbat aldiz entzun dugu epaiak bete behar direlako gezur hori, herritarrok bai, baina instituzioek ez, nonbait). Are larriagoa da 1998tik Oreretako Udalak ez duela euro ziztrin bat ere jarri etxebizitza soziala sustatzeko eta milioika euroz ari gara hitz egiten.
Eta orain PSE-EE datorkigu horrelako mozio batekin (etxebizitzaren arazoa larria da, zalantzarik gabe), haiek gobernatzen ari zirela, zertxobait egiteko aukera izan zuten eta ez zuten ezertxo ere egin nahi izan. Legea onartu zenetik 18 urte pasatu dira eta oraindik ere etxebizitzak arazoa izaten segitzen du, are gehiago gazteentzat, administrazioak ez duelako otsoa belarrietatik hartu nahi eta auzi hau baztertu egiten duelako, etxebizitzaren espekulazioia sustatzen duten bankuen eta enpresa eraikitzaileen esku utziz, herritarron kalterako.