Alkateak harrera egin die gaur ikasleei
Hilaren 20an Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, hurrengo astean Pasaiako barruti guztietan haurrentzako ekintzak programatu dituzte.
Herriko ikasleei harrera egin die gaur Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, udaletxean. Haurren eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Planarentzat logoa sortu dute aurten herriko ikasleek, eta gaur aurkeztu dute, Arizabalon. Horrez gain, hilaren 20an, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko egunari lotuta herrian antolatu diren ekintzen berri eman dute agerraldian. Alkateak eskerrak eman dizkie haurrei egindako lanarengatik, eta orain arte bezala, “elkarlanean eta era aktiboan parte hartuz” jarraitu dezaten eskatu die. Ondoren Anunciatako, Karmengo Ama ikastetxeko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek hartu dute hitza, logoa sortzeko prozesua nola izan den kontatzeko. Gazteria teknikari Cristina Vazquezek hitz egin du azkenik, datorren asterako antolatutako ekintzen berri eman aurretik, “haurren eskubideen defendatzea denon ardura dela” nabarmentzeko.