Santi Angulo: Inauteriez hausnartuz
Prentsan irakurri berri dut inauteriak antolatzen aritzen den batzordeak, azken urteotan bezala, hurrengo urteko inauterietan mozorrotzeko musikalen gaia aukeratu duela. Inauterien jatorrian sartu gabe, neguko jai hau era askotan ospatzen da gaur egun. Irudimena eta festarako gogoa besterik ez da behar horretarako. Hau dela eta, gai honen inguruan hausnartzeko hainbat kontu nabarmendu nahi dut.
Inauteriek askatasunez jokatzeko aukera paregabea eskaini die herritarrei, baita debekatuta zeuden garai zailetan ere. Mozorrotzeko irudimen askea da, hain zuzen, inauterien oinarria eta horixe da herrian irribarrea sorrarazten diguna, inolako araurik gabe, nork bere gogoari kasu eginez, kalera dibertitzera atera eta ondo pasatzeko helburu bakarra izanez. Mozorro ezberdinek kolorea ematen diete inauteriei, zertan mugatu, beraz, gai monografiko batera hain aberatsa izaten den jai hau?
Bestalde, inauteriak kultura adierazteko modu bat bada ere, edozein edonola janzteko aukera anitza ematen du. Hala ere, azken urteotan aukeraturako gaiak (filmak, ipuin klasikoak, musikalak…) ikusita, inauteriak Holywood edota Walt Disneyren mundura mugatuta geratzen direla ematen du. Haien kopia hutsala gara? Non geratzen dira, beraz, hainbeste aipatzen den aniztasun horren barruan euskal kulturaren adierazpenak?
Bukatzeko, hausnarketarako azken puntua hauxe da: Oreretan inauteriak ospatzen hasi zirenean, nork bere trebeziari kasu eginez ateratzen zen jendea, inolako gairik eta eredurik gabe. Aurrerago, Rio eta Tenerifeko eredua kontuan hartuta, desfile dantzatuak egiten hasi ziren eta egun ere horrela egiten da, batzuk konpartsen desfilean eta beste batzuk nahi duten bezala. Inguruan herri txikietako euskal inauteriak eta Tolosa ditugu, kasu honetan desfilearekin batera pantomima. Zein inauteri eredu bultzatu nahi da gure herriarentzat? Kultura anglosaxoniarra bultzatu behar al da gurean? Zer espazio utzi behar zaio euskal kulturari?
Erantzunak ez dira errazak, baina zer pentsatu ematen dute. Bitartean, inauteriak aske izaten segi dezatela espero dut.