Erik Rios Salazar: "Giza katea, pasaitarrak elkartzen gaituena"
Lehengo azaroaren 6an Demoarsok erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako giza katearen gaineko iritzia plazaratu du dinamikako kide Erik Rios Salazarrek.
Bi aste baino gehiago pasa dira Demoarso-Gure Esku Dagok Pasaiako badiaren inguruan antolatu zuen giza katea egin zenetik. 10.000 pertsona inguru elkartu ziren Oarsoaldean erabakitze eskubidearen alde, horietatik 1.000 baino gehiago Antxoko barrutian.
Askok esango dute betikoak gaudela dinamikaren barruan. Beste batzuk boluntarioen eta parte hartzaileen lana gutxiesten saiatuko dira. Baina gauza bat argi dago: Antxotarrak biltzen garenean gauza handiak egiten ditugu. Egun batez, gure ideologia eta ezberdintasunak alde batera utzi genituen eta, zapiak eskuetan genituela, helburu komun baten aldeko deiadarra zabaldu genuen Antxo osoan.
Bortizkeria zela eta, urteetan zehar betatua egon den gaiaz eztabaidatzeko aukera dugu orain. Aspalditik gizarteak aldarrikatzen zuen eztabaida mahai gainean dago. Banaketa bultzatzen dugula aurpegiratuko dizkigute batzuk, baina ez dago demokrazian eztabaidatzea bezalakorik. Demoarso-Gure Esku Dago dinamikan idei guztiek dute lekua. Politikerietatik kanpo badago elkarlanerako foroa. Are gehiago esango dut. Erabakitzeko eskubidea herritarrok bultzatu behar dugun aldarria izan behar da. Ez du ezertarako balio erabakitze eskubidearen aldeko alderdiak euskal instituzioetan gehiengoa izatea gizartearen erritmoa ez badoa abiadura berean.
Pasaitarren alde lanean egon garen askok badakigu Pasaia herri anitza dela. Pasaiako Demoarso-Gure Esku Dago ekimena gure herriko aniztasunaren isla izan behar da. Pasaitarra izateko mila era daude eta guk denak bildu nahi ditugu gure baitan. Ez pentsatu berandu heltzen zarela, dinamikak mila istorio ezberdin dituelako, parte- hartzaile kopuru bezain istorio.