Hiru makina jarri ditu udalak, Beraunen, Galtzarabordan eta Iztietan, eta gaur bertan aktibatu ditu hirurak. Astelehenetik aurrera ingurumen politiken gaineko inkesta egingo du, gainera.
Gracia eta Legorburu poltsak ematen dituen makinaren ondoan.
Birziklatzearen aldeko urrats bat gehiago egin du Errenteriako Udalak. %60 birziklatzea du helburu, eta horretara iristeko, erraztasunak eman nahi dizkiela herritarrei esan du Juan Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak Aita Donostia kalearen atzealdean egin duen agerraldian. Lekuaren aukeraketa ez da ausazkoa izan, izan ere, han kokatu du udalak bosgarren edukiontzian erabiltzeko poltsak emateko makina, Beraungo Auzo elkartea eta erretiratuen elkartearen artean.
Ez da jarri duen halako makina bakarra. Beste bi jarri eta aktibatu dituzte gaur bertan, bata Galtzarabordako kiroldegiaren parean, eta bestea, Iztietako elizaren arkupetan. Poltsak bertan hartzeko, ezinbestekoa dute erabiltzaileek bosgarren edukiontzian alta emanda egotea. Irakurgailuan jarri beharko dute txartel elektronikoa erabiltzaileek eta 40 poltsako sorta jasoko dute. Udalak egindako kalkuluen arabera, hamar aste iraun beharko luke kopuru horrek, lau poltsa asteko, “eta makinak hala zehaztuko du. Jasotzen dugun unean, hurrengo txanda noiz dagokigun zehaztuko du pantailan, eta ezingo dute erabiltzaileek data horren aurretik makinatik poltsa gehiago jaso”.
Erabiltzaileek hiru hauetako edozein makinetan jaso ditzakete poltsak.
Makinan bertan ez, baina epe horren barruan poltsa gehiago beharko balituzke herritarren batek, udalean eskatzea luke.
Makinen bidez, udaletik urrutien dauden auzoei erantzun nahi izan diela zehaztu du Legorburuk, eta datorren urtean, beste hainbeste puntutan hiru makina gehiago jartzea aurreikusi du. Udaletxean bertan ematen duten zerbitzua mantenduko dutela gaineratu du, eta bide batez bosgarren edukiontzian izena eman gabe dauden herritarrei dei egin die bat egiteko: “Horretarako udaletxera jo dezakete 14:00ak arte”.
Inkesta herritarrei
Makina urrats bat gehiago dela, baina horrekin batera, astelehenetik aurrera herritarren artean inkestak egingo dituela udalak esan du Eñaut Gracia zinegotziak. “400 lagunei egingo zaie inkesta hori, eta bertatik hainbat datu aterako ditugu interesgarriak izango direnak”. Inkesta poltsa edota edukiontzietatik harago joango dela esan du, “balorazioa eskatuko dugu ingurumen arloan egiten ari garen politiketaz, edukiontziak, zein pertzepzio soziala dagoen… marko zabala jarri nahi dugu iritzi ezberdinak jasotzeko”.
Herritarrek beraz, iritziak, kritikak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute inkestaren bidez Graciak esan duenez, “horrek argazki bat emango digu eta garrantzitsua da aurrera begira nora joan erabakitzeko”.