Larunbatean egingo dute herri batzarra, 10:00etatik aurrera, Trintxerpeko alkateordetzan.
Herrera Herrirak deitutako manifestazioa, Trintxerpeko Euskadi Etorbidean.
Portuaren Plan Berezia aurrera doa bere tramitazioan, eta kezkaz bizi du egoera Herrera Herrirak. Larritzat jo ditu azken hilabeteotako gertakariak, eta “herritarrek elkarlanean eraikitakoa” defendatzeko asmoz antolatu du larunbateko herri batzarra, “azken hilabeteetan Herrerako lursailen inguruko gertakari eta erabaki guztiak aztertzeko”.
“Herri bizi eta duin gisa gure etorkizuna nola bermatu behar dugun hausnartzeko” batzarra izango dela iragarri dute, eta herritarrak parte hartzera deitu. 10:00etan hasiko da Topagunea, Trintxerpeko alkateordetzan.
Udalaren erabakien kontra
Pasaiako udalbatzarrak 2011ko maiatzaren 18a kaiko Herrera antolatzeko irizpideak, helburuak eta oinarrizko printzipioak onartu zituela gogorarazi du herri plataformak, Herrerako Herritar Proposamena bere eginez.
Akordio hura bazterrean utzita, Pasaiako alkateak eta Hirigintzako zinegotziak Portuaren Plan Bereziaren alde bozkatu dutela salatu dute. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak Portuko Plan Berezia berrikusteari behin betiko onarpena eman diola ohartarazi dute, kaiko Herrera “kolonizatzeko” eta bertan “plataforma logistiko handi bat antolatzeko”.
“Hau guztia Pasaiako udal akordioen kontra egiten ari dira”, salatu du herri plataformak. Horrez gain, Pasaiako Aholku Batzordeak egindako txostenaren kontra ari direla salatu du Herrera Herrirak, eta Plan Bereziari egindako alegazioak ez dituztela kontuan hartu gaineratu.