EH Bilduk hondakin bilketa hobetzeko proposamen bat landu du

Oronoz eta Torrea

Oihane Oronoz eta Migel Mari Torrea, Antxon, zaintza berezia duen edukiontzien gunean.

Hondakinen bilketa sistema hobetu  nahi du Pasaiako EH Bilduk, eta helburu horrekin “alderdi guztiek babesteko moduko proposamena” landu dutela jakinarazi dute gaur, sistema aldatuz geroztik hondakinen bilketak izan duen bilakaeraren balantzea egiteko deitu duten prentsaurrekoan.

Migel Mari Torreak eta Oihane Oronozek azaldu dutenez, proposamena udalaren zerbitzu batzordean aurkeztu nahi dute lehenik, “arduraz jokatu” nahi dutelako, baina hainbat zertzelada aurreratu dituzte. “Ziurrenik ez da proposamen idealena edo guri gehien gustatuko litzaigukeena, baina adostasunera iristeko asmoz landu dugu”. “Pasaiarako propio pentsatutako proposamena” dela ere aurreratu dute, eta inguruko beste esperientziak kontuan hartu dituztela jakinarazi.

Egungo egoera “jasangaitza” iruditzen zaio EH Bilduri, eta “bestela urratsik ez” dutela egingo ulertuta erabaki dute proposamena plazaratzea, irtenbidea, beti ere, “zero zabor eredua” dela sinetsita.

Birziklatze tasaren beherakada
“Kezka handiena” birziklatze tasaren beherakadarekin du koalizio abertzaleak. EH Bilduk esan duenez, egun birziklatze tasa Pasaian ez da iristen gobernu taldeak legealdi hasieran bere buruari ezarritako helburura. %58koa da gaur egun tasa, EH Bilduk esan duenez; gobernu taldeak %60 ezarri zuen helburutzat, Europako zuzentarauak erreferentzia hartuta. Atez ateko bilketa sistemarekin, berriz, %78ra iritsi zen birziklatze tasa Pasaian.

Horrez gain, edukiontzien sistemarekin herria zikinago dagoela agerikoa dela esan dute, eta merkeagoa denik ere jarri dute ezbaian, San Markoko Mankomunitateari udalak ordainduko dion kopurua ia bikoiztuko dela salatuta.

EH Bilduk ohartarazi duenez, “18 hilabete nahiko izan dira edukiontzien bidezko bilketa merkeagoa, garbiagoa eta osasuntsuagoa zela defendatzen zutenak gezurretan ari zirela frogatzeko”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend