Kaiko Herrera urbanizatzeko lanetan zentral termikoaren lurra erabili dutenik ezeztatu du Pasaiako Portu Agintaritzak. Gaurko prentsan agertu denez, udalak gaia ikertzeko asmoa du, bizilagunek hala eskatuta.
Portu Agintaritzak gaur bertan ukatu ditu aipatu informazioan leporatzen zaizkionak. «Lurren bilketa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko ebazpenen arabera egiten ari dira», ziurtatu du.
Zehaztu dutenez,
Herrerako Euskotren geltokia eta Trintxerpeko barrutiaren arteko loturarako obran, hiru jatorritako lurrak bildu dituzte: Loiola eta Herrera arteko ETSren tunelaren indusketakoak (2010. urteaz geroztik daude bertan); arrantzarako lonja berriaren indusketa lanetatik eratorritakoak eta Velascoko etxebizitza zaharretatik datorren materiala.
Lonjako lurrak omen
Argitu dutenez, lonjako lurrek «Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko baimen guztiak dituzte, bai obra honetan betegarri moduan berrerabiltzeko, bai eta egin diren lekualdatzeetarako». Eta azalpen hau ez da hutsala, azaldu dutenez, lonjako lurra litzatekeelako lehenik zentral termikoa zegoen tokira eraman zutena, gerora handik Trintxerpera eramateko. «Material hau lonja berrian sotoaren gunea sortzeko induskatu zen eta zentral termikoaren ingurura eraman zen, biztanleei enbarazurik ez sortzeko», azaldu dute.
Ondoren, Herrerako gunean zeuden portuko biltegiak bota eta gero eraman omen zuten lur hura zentral termikoaren orubetik Trintxerpera, «Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko baimenarekin».
Azalpenak emanda, zabaldutako informazio «erabat okerra» dela baietsi du Portuak, bere garaian Iberdrolak erabilitako lursailetik kutsadura guztia kendu zuela nabarmenduz.