Oiartzungo elkarteak kudeatzen dituen lau eremuetatik hiruk lortu dute zigilua, eta bestea bidean da. Hori lortzeko prozesu luzea azaldu du Jon del Olmok.
Arraztalok 40 familiari banatzen dizkie, astero, otarrak, kontsumo elkartearen bitartez.
2010ean hasi zen Oiartzungo gaixo psikikoen senideen elkarte Arraztalo nekazaritza ekologikoa lantzen. Helburua gaixotasun psikikoak dituztenak lan munduan txertatzea izan zen, bestelako ekonomia eredu baten alde eginez. Orain, zazpi urte beranduago, jarduera hori ziurtatzen duen zigilu ekologikoa lortu dute.
Prozesua 2014an martxan jarri zutela gogorarazi du Jon del Olmo Arraztalo elkarteko kideak. “Garai hartan ikusi genuen”, gogorarazi du, “kontsumo taldez aparte, beste sektoretan—denda ekologikoak, eskoletako jantokietan…— saltzeko, eskatzen dizute ez ekologikoa bakarrik, baizik eta ekologiko ofiziala izatea”. Horrela, zigilua lortzeko prozesuan hasi ziren.
Prozesu zorrotza
Ez da prozesu erraza izan, Del Olmok ziurtatu duenez. Baratzeko lana baino gehiago, administratiboa izan dela azaldu du. “Ez da bakarrik ongarri naturala erabiltzea, edo sustantzia kimikorik ez erabiltzea. Azkenean, eskatzen dute katea hasten den tokitik —haziak lortzen denetik— banaketara arte, bide hori trazatua egotea. Hau da, landare ekologiko bat erostea zoazenean, behar duzu landare horren fakturan hornitzaile ekologiko bat dela adieraztea”, azaldu du Arraztaloko kideak.
Ildo horretan, hainbat gauza hartu behar dituzte kontuan: landatzen den eremua apuntatu behar da, zenbat metro koadro dituen, zenbat ale landatzen diren, baratzegintzako prozesu guztian zein ongarri bota den, zenbat aldiz bota den, noiz bildu den eta noiz banatu den… “Astebeteko prozesua bada, erraza da. Baina hilabeteetako prozesu batean non neguan landatu duzun zerbait udaberrian jasotzean den… jakin ezazu non erosi den landare hori”, zehaztu du Del Olmok.
Horrez gain, ikuskatzaileen bisitak jasotzen dituzte. Produktu jakin baten berri emateko eskatu ohi dute.
Ate bat zabaltzeko giltza
Zigilu ekologikoa lortzea ate bat irekitzeko giltza dela baietsi du Arraztalo elkarteko kideak: “Guk aukera bat zabaldu dugu. Beste kontu bat da langile kopuruagatik edo dena delakoagatik, ezin dugula gehiago produzitu”. Orain arte zuten lan egiteko modua, baina, moldatu egin dute, zigiluari egokitzeko.
Lau baratze kudeatzen ditu Arraztalok. Azkenekoa Lurbizi egitasmoaren barruan esleitutako Makutsoko lurrak izan dira. Aurrez kudeatzen zituzten lur eremuek pasatu dute zigilua lortzeko beharrezkoa den bi urteko prozesua, eta Makutsoko eremua horretan murgilduta dago egun. Kudeatuko luketen lur sail berri bakoitzeko egin beharko dute hori.
Kontraesana
Oarsoaldean nekazaritza ekologikoa lantzen dutenek “zailtasun berezia” kexatu da Del Olmo. Izan ere, modu ekologikoan lan egiten duten hornitzailerik ez dago eskualdean. “Haziak eta landareak erosteko Hernaniko Karabel auzoan dugu hurbilena. Baina gero, produkzio dezente bat egiteko, dendetara joaten zarenean, hazi ekologikoen poltsa bat eros dezakezu, baina agian denda horrek ez dauka zigilu ekologikoa. Orduan, poltsa gorde behar duzu, landatzen denetik banatzen den arte”, adierazi du.
Hernanikoaz gain, Zarauzko Blasenea da hurbilen dagoen beste denda. “Kontraesan bat dago hor”, seinalatu du Del Olmok, “hazi ekologikoak erosteko kotxean 60 kilometro, joan eta etorri, egin behar ditugulako. Ez dakit zenbateraino konpentsatzen duen horrek”. Horri aurre egiteko, euren hazi propioak ekoizten hasi da Arraztalo. Urte batean erositako landareak erosiz eta hurrengorako gordez, haziak edukitzeko, ekoizpen are ekologikoagoaren bidea urratzeko asmoz.