Kaiko Herrerarentzat herritarrek proposatutako ordenazioa bere egin du koalizio abertzaleak eta haren defentsan lan egingo duela iragarri du.
Obdu Lorenzo eta Oihane Oronoz, Trintxerpeko alkateordetzan.
Publikoki behin eta berriz hala iragarri duten arren, Pasaiako biziberritzea martxan denik ukatu du gaur EH Bilduk Trintxerpen eman duen prentsaurrekoan. Are gehiago, egin asmo dituzten lanak herritarren mesedetan baino, Gipuzkoako lobby-en interesei begira adostutakoak direla salatu dute, eta kezka agertu dute, aukera hau galtzekotan Pasaiako etorkizuna, hamarkada luzeetarako hipotekatu daitekeelakoan. EH Bildurentzat kaiko Herrera “badiaren birika” da, etorkizunera begira aukera handiak” dituen gunea.
EH Bilduko kide Obdu Lorenzok eta Oihane Oronozek salatu dutenez, “Izaskun Gomez eta bere gobernu taldeak iragarritako erabakiak totalitarioak dira, Pasaitik kanpo erabakitakoak eta herritarren eta udalaren babesik gabekoak”. Are gehiago, “diru publiko asko kostatuko diren erabakiak” direla nabarmendu dute, Pasaia “etorkizunik eta aukerarik gabe uzteko”.
Izan ere, koalizio abertzalearen ustez, Pasaiaren etorkizunak ezinbestekoa du herritarrek kaiko Herrerarako eraikitako ordenazio proposamena, eta egitasmo hura, “ederra izateaz gain, beharrezkoa, bideragarria eta premiazkoa” dela nabarmendu dute. Horrez gain,
proposamen hura Udalbatzak 2011. urteko maiatzean bere egin zuela gogorarazi dute, eta orduan hartutako akordioa oraindik ere indarrean dela gogorarazi dute.
Herritarren erabakiak errespeta daitezen
Kaiko Herrerarako herritarrek eraikitako proposamenak kontsentsu handia lortu zuela gogorarazi dute Lorenzok eta Oronozek, eta EH Bilduk haren alde borrokan jarraituko duela iragarri dute: “Ez gara makurtuko, herri bezala errespetatuak izan gaitezen borrokan jarraituko dugu”.
Era berean, Udal Gobernu Taldeari Pasaia “lurraldeko botere ekonomikoei saldu” izana leporatu dio, “herritarren interesen kontra, Pasaiatik kanpo hartutako erabakiak bere eginez”. “Porlanezko harresiz inguratuak nahi gaituzte, portuko garraioaren esklabo, kamioiek inolako trabarik gabe lasai ibil daitezen”, kexatu dira.