Altamiran edukiontzien sistema ezarri denetik errefusa "boskoiztu" egin dela salatu du Lezon Ondo Ai Gea taldeak. Entzungor izatea egotzi diote udalari.
Udalarekin biltzeko nahia agertu dute Lezon Ondo Ai Gea taldeko kideek.
Orain dela hilabete inguru, Altamiran hondakinen bilketa sistema aldatu zuten. Horren harira, gaur azaldu dutenez, Lezon Ondo Ai Gea taldeak agerraldia egin du. Adierazi dutenez, Altamirako bilketaren jarraipena egin dute, “edukiontziei argazkiak aterata, auzokoekin hitz eginez…”, baita hondakin kopuruaren informazioa lortuz.
Horrela, 450 biztanle dituen Altamiran, astero bataz beste 900 kilo errefusa jaso dituzte. “Datu hori herri osora ekarriko bagenu”, alderatu dute, “astero 12.000 kilo errefusa inguru bilduko lirateke”. Jakinarazi dutenez, Lezoko kaskoan astero 2.500 kilo jasotzen dira, etxeko errefusa eta kaleak garbitzeko makinak kontuan hartuta. “Beste era batean esanda”, argitu dute, “atez ateko bilketarekin herritar bakoitzeko astean 0,45 kilo errefusa jasotzen baziren, Altamiran epe berdinean bi kilo jasotzen dira”.
Horregatik, salatu dute Altamiran jasotzen den errefusa “bost bider” handitu dela. Errefusa hori organikoarekin eta birziklagarriak diren materialekin nahastuta dagoela salatu dute. Era berean, edukiontzi marroietan “organiko kopuru txikia” ikusi dutela ziurtatu dute, eta bertan inpropio ugari —”bereziki plastikoa eta kartoia”— agertu direla.
Erantzunik ez
Lezon Ondo Ai Gea taldea orain dela bost urte sortu zela gogoratu dute. “Urte luze hauetan lanean aritu gara, hondakinen bereizketaren eta birziklatzearen alde eta errausketaren kontra”, esan dute. Udalarekin hainbat bilera egin dituztela nabarmendu dute, eta sistema mistoa jartzeko akordiora iristeko gai izan zirela.
“Hala ere”, kexu dira, “azken hiru hilabeteetan hiru proposamen sartu ditugu udalean, eztabaidatzeko modukoak. Ez dugu inolako telefono deirik jaso, ez dakigu zer ari den gertatzen”. Gaineratu dutenez, eurekin hitz egiteko “ez da gu bezala pentsatu behar”, eta lan boluntarioa egiten dutela kontuan hartuta, “errespetu merezi” dutela aldarrikatu dute. “Guk hondakinei buruz hitz egin nahi dugu, ingurumenaz, osasunaz, herritarren diruaz… baina udaleko ordezkariek ez dute gurekin bildu nahi”. Aste honetan bertan udalarekin biltzeko eskaera zehatza egin dutela jakinarazi dute.
Gabon kanta baten zati batekin bukatu dute agerraldia: “Ez beldurtu gurekin/ezagunak gera/borondate onakin/goaz hitz egitera”.