“Maitasunaz, orokorrean, hitz egin dut liburuan”

Gabriel Korta.

Gabriel Korta.

Gabriel Kortak (Donostia 1951) Maitasunaren Indarra liburua argitaratu du urte hasieran. Zazpigarrena du honakoa, eta bertan, aurrekoetan bezala, poesiak bete ditu orri zuriak. Isiletik (1980), Okaranak (1986), Harri Hautsiak (2002), Laugarrenak Lau (2010), Elurra galtza motzekin (2012), Diot (2013) dira aurretik idatzitakoak.

Maitasunaren indarra zure zazpigarren liburua duzu. Aurretik beste izenburu batzuk pentsatu bazenituen ere, horixe aukeratu zenuen, zergatik?
Bai, zazpigarren liburua dut hau. Nahikoa erabilia da izenburu hori.  Paul Eluard poeta frantsesak ere erabili zuen La force de l´amour. Nik jarri diot egokia iruditzen zaidalako izena. Izen horrekin orokorrean hitz egin nahi dut maitasunaz, ez naiz sexu harremanetaz ari,  horietaz ere, baina eguneroko bizitzan ematen diren maitasun harremanetaz ari naiz oro har.

Hitzaurrean aipatu duzu indarra bultzada dela, maitasunak soilik ematen duena.
Bi lagunek topo egiten dutenean elkarri indarra emateko, bultzada egiten diote, aurrera esateko modua da, detaile horietaz ari naiz. Bultzada ematea da bizkarrean jotzea eta aurrera esatea, ‘ez da ezer gertatzen’, arazo bat duzunean mintzatzea… hori da maitasuna, bultzada eta horren beharra dugu egunero.

Bizitza emea dela ere badiozu. Zergatik diozu?
Hori Nietzscherengandik hartu dut. Berak dio, bizitza femeninoa dela, emea dela. Ez dakit zergatik dion baina ni ados nago horrekin. Filosofia atsegin dut, Nietzsche eta Epicuro batez ere. Azken horrek bizitzaren gainean duen ikuspuntua gustatzen zait.

Liburuak bi atal edo zati ditu. Bi liburu batean direla ere esan duzu.
Lana amaituta, bildutako poemak gutxi iruditu zitzaizkidan, eta poema berri batzuk sortu nituen eta liburu berean sartzea pentsatu nuen. Bigarren zati horri, Euripean egarri izenburua jarri diot. Estigmaren bat dugunok zailak ditugu harremanak, horien egarri gara; euria bertan da, baina gu egarri gaude.

Zer da poesia zuretzako?
Ba egia esan, ez dakit, ez dakit. Ez da errima egitea, inspirazioan ere ez dut gehiegi sinisten. Nik egiten dudana da lanean hasi ideia baten inguruan, hitz batekin eta jarraitu idazten. Horrela sortzen dira, eta hori poesia izan daiteke edo ez. Nik poesia denean igartzen dut, ematen didalako sentsazio berezi bat. Ni asetzen nau, terapia bat da, balio dit.

Zailena liburua argitaratzeko garaian?
Bi urte eman ditut azken liburua argitaratzeko, baina prozesuan ezer zailik ez dut topatu. Erraz joan da.

Zenbat olerki bildu dituzu guztira?
205 poema bildu ditut liburu honetan. Orain hurrengoarekin  pentsatzen hasi naiz, bizitzaz mintzatuko naiz, baina oraindik zehaztu gabe daukat. Maitasunaren indarra liburuan dauden azaleko marrazkia eta barrukoa nireak dira, poesia idaztearekin batera, marraztea ere gustuko dut. Baita irakurtzea ere, poesia gehien bat, eta euskaldunen artean batez ere Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionandia ditut gustuko.

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend