Elizalde Herri Eskolako ikasleak hasi dira 2017ko Ihoteak ospatzen. Kalejira, dantza eta emanaldia egin dituzte goizean zehar.
Ikastetxetik aterata, kalejira egin dute Elizaldeko ikasleek.
Zakuak soinean eta lastozko txapelak buruan jantzi dituzte Elizalde Herri Eskolako ikasleek gaur goizean. Eurentzako hasi dira 2017ko Ihoteak.
Ikastetxetik bertatik abiatu dira maila guztietako ikasleak, eta kalejira egin dute Elorsoro eta Arraskularre kaleetan zehar, astoak tiratako gurdiak bidea irekita. Belutene parean mozorrotutako guraso talde bat agertu da, erratzak eskuan zituztela, haurren sorpresa eta gozamenerako.
Arizmendi-eneko lorategian egin dute lehenengo geldialdia, eta bertan sorginei oihuka dei egin diete, haiek ikusteko irrikaz. Beno, ikasle batzuei pertsonaiekiko beldurra nabaritzen zitzaien aurpegietan. Azkar joan dira irakasleak lasaitzera.
Plazarainoko koska gaindituta, dantza egin dute eta ondoren eskolara bueltatu dira, hamaiketakoa jatera. Sabelak beteta, kiroldegira abiatu dira, emanaldia eskaintzeko.
Bestalde, etzi goizean karroxa eta kalejira alaia egingo dute. 11:00etan aterako dira ikastetxetik, eta honako egitaraua izango dute goizean zehar:
- 11:00etan: Suziria eta kalejiraren hasiera.
- Jarraian: Elorrondon barrena kalejiran, biribilguneraino. Bertan dantzaren bat eta Luzaideko martxekin Belutenerantz.
- Belutenen: Albokaren deia eta dantzaldia, bai gurasook eta baita dantza taldeak ere.
- Euskal Herria Plazan: Albokariaren txanda berriz. Segidan bertsoak eta dantza saioa.
- Doneztebe Plazan: Berriz ere kalejiran plazara eta denok batera azken dantza emanaldia.