Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarrak bizi duen muturreko egoera salatu eta etxeratzea eskatzeko Sare Herritarrak larunbatean egingo duen agerraldiarekin bat egin dute Oreretako Sortu eta Errenteria Irabaziz alderdiek.
Aitzol Gogorzaren aldeko herri argazkia urte zahar egunean. Argazkia: Errenteria-Oreretako Sare.
Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarrak bizi duen muturreko egoera salatu eta etxeratzea eskatzeko Sare Herritarrak larunbatean egingo duen agerraldiarekin bat egin dute Oreretako Sortu eta Errenteria Irabaziz alderdiek. Sortuk berehala aska dezatela eskatu du, “espetxeko bizi baldintzek bere gaixotasunaren larritasuna areagotzen dutelako egunez egun”. Irmoki salatu du oreretarrak bizi duen “muturreko egoera” eta gaineratu du ez duela onartuko “espetxe politika anker eta zital honek gure kidea den Aitzol egun batez gehiago bahitua” izatea. Indarrean dagoen legedia ezarrita Gogorzak kalean behar lukeela erantsi du Sortuk, “beste hainbat preso politikok bezala”.
Euskal jendartea ez dago Sorturen iritziz “eraso bat gehiago ere” jasateko prest: “Espainiako eta Frantziako Estatuen estrategia errepresiboak eraildakoak, torturatutakoak edo jazarpenak jasandakoak asko izan dira. Oreretako herriak Aitzol kalean eta bizirik nahi du, eta herriak diogu, ugariak eta anitzak direlako bere askatasuna aldarrikatzen duten espresioak. mendekuan oinarritutako espetxe politika Aitzol eta gainontzeko preso politikoak etengabe erasotzen ari da, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere”. Azken horren harira, Ibon Iparragirre larri gaixo den preso ondarrutarrak duela egun gutxi jasandako erasoa edota Sara eta Izarren auzia aipatu ditu.
Herritar guztiak ekarpea egitera deitu ditu, bestalde, “Euskal herriak bizi duen gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko eta Aitzol etxeratzeko. Izan ere, zenbat eta gehiago izan Aitzolen askatasunaren alde lanean gabiltzanok, orduan eta indar handiagoz erantzun ahal izango diogu estatu zapaltzailearen blokeo jarrerari”.
Babesa eta besarkada beroena helarazi die azkenik Gogorzari berari eta baita haren senide eta lagunei ere, “Aitzol etxeratzeko borrokan alboan izango gaituzue, egunez egun eta eremuz eremu lanketa eginez, gure lehentasunezko helburua baita Aitzol eta gainontzeko preso politikoak ahalik eta arinen etxera ekartzea”.
Giza legezko arrazoiak
Errenteria Irabaziz alderdiak ere bat egin du Sarek larunbatean 11:30ean Herriko Plazan deitu duen agerraldiarekin. Giza legezko arrazoiengatik Gogorzaren osasunaren gaineko kezka azaldu du: “Egunetik egunera okerrera egiten ari da Aitzol Gogorzaren osasun egoera. Horregatik aske uztea eskatzen dugu”. Larunbateko agerraldian parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.