Lezoko kultur eragileak ekitaldi "berritzailea" prestatzen ari dira datorren larunbaterako, beraiek ere etorkizuna erabaki nahi dutelako.
Kultur ekitaldi “berezi eta berritzailea” egingo dute Lezoko kiroldegian
Gaur eguerdian Lezon kultur arloan lan egiten duten pertsona eta eragileak elkartu dira Kultur Aretoan, M19arekin atxikitu eta datorren larunbatean (hilak 11) Lezoko kiroldegian egingo duten ekitaldi “berezia” prestatzen hasteko. 19:30etik hasita egingo dute ekitaldia eta bertan “Lezoko musikarien, idazleen, dantzarien… funtsean, kultura arloko 50 lagun baino gehiagoren parte hartzea izango dugu”, Joxemi Garmendiak taldearen izenean aurreratu bezala.
Martxoaren 19an
Oarsoaldeko lau udalerrietan herri galdeketa egingo dute eta Lezoko kultur eragileek bozkatzeko deia luzatu dute, eta haiek ere erabaki nahi dutela gaineratu: “Gure herriaren etorkizuna guk geuk erabaki nahi dugula adieraziko dugu. Kultura arloan lanean gabiltzan kideok ere, gure kulturaren etorkizunari buruzko erabakiak guk geuk hartu behar ditugula uste dugu”.
Hogei bat pertsona elkartu dira gaur hilaren 11ko kultur ekitaldia zehazteko, baina egun horretan 50etik gora izango direla ziurtatu dute. Garmendiak jakinarazi duenez, Aritz Gorrotxategik gidoia idatzi du ekitaldirako eta “ekitaldi berezia eta berritzailea” izango dela gaineratu du.
Komunikabideekin egon eta gero, heldu den larunbatekoa prestatzen geratu dira. Gaur ez dute larunbat arratsaldean kiroldegian egingo dutenari buruzko azalpen gehiegirik eman baina, itxura du galdu behar ez den ekitaldi horietako bat izango dela.