Inauterietako ajea: amorrua
Eider Perez. Trintxerpeko Korkoiburuak taldearen izenean.
Inauteri paregabeak izan dira aurtengoak ere bai Trintxerpen. Plaza jendez gainezka eta giro ederra izan dugu. Txaranga, jai giroa eta parranda. Dantzan gauez, lagunartean hizketan, tabernako kantak kantatzen, aspaldi fitxatutako horrekin ligoteo sanoan, edo gauean bertan ezaguturiko beste harekin tragoa eskatzen. Gero kanpoaldean zigarro soziala erretzen edota hain ohikoa izaten den komuneko ilaran lagunak egiten. Eta hala, gaua badoa aurrera. Pozik, moxkor eta alai.
Eta iritsi dira goizeko sei eta erdiak inguru, tabernatik atera eta kanpoaldean jendea pilatu da, hizketan. Batek esan du etxe aldera joango dela baina beldurra ematen diola bakarrik joatea etxera, nahiz plazatik oso gertu bizi, eta bere bizilagunaren zain dago etxera bakarrik ez joateko. Nik ere etxera noala esan diet lagunei, nire anaiarekin joateko esan didate, aske dabilen bortxatzailea bizikletaz ikusi dutela eguerdi aldean plaza ingurutik eta kontuz ibiltzeko. Segundo gutxitan hori bihurtu da gaueko gaia, etxera bueltako beldurrezko bidea eta bortxatzaile putokume nazkagarri hori. Ezin naiz lasai ibili nire herriko kaleetan, nola da posible? Nola?
Bat-batean sirena hotsak entzun dira, Ertzaintzaren kotxeak, borroka bat, berriz. Alkohola ez da aitzakia, ez da inoiz izango. Zein behar dago aurpegiak txikitzeko? Beste plazan beste borroka bat egon omen dela esan dute. Hori da nahi dugun festa? Borrokak eta beldurra? Antza, parranda giroan den-dena ez da mozorroak bezain koloretsua.
Parrandazaleak bagara! Eta ez dago zure herrian parranda on bat botatzea baino gauzak hoberik! Lagunartean, plazan, zure sentitzen duzunaren inguruan! Eta parranda ona izan zen larunbatekoa, ez dugu ukatuko. Baina halako puntu beltzak ere mahai gainean jarri eta gogor kontra egin behar zaie. Hori ez da guk nahi dugun parranda, ezta? Argi dugu libre izan nahi dugula etxera bidean, eta ez dugula jipoirik ikusi nahi. Festan gaude eta hori ez da festa, argi eta garbi. Nahikoa da.
Inauteri paregabeak izan dira aurtengoak ere bai Trintxerpen. Plaza jendez gainezka eta giro ederra izan dugu. Txaranga, jai giroa eta parranda. Ea datozen jaietan ez den puntu beltzik ageri.
Ea ez dugun amorrua ajetzat.