Mater Museoak eta Kutxa Ekoguneak elkarrekin ospatuko dute Uraren Nazioarteko Eguna.
Boluntarioak, itsasoko hondakinak biltzeko lanean, Materren.
Bizitzeko ezinbestekoa dugu, baina oso baliabide natural urria da. Nahiz eta planetaren hiru laurden ura izan, giza kontsumorako baliagarria den kantitatea oso txikia da. Gaiaren gaineko sentsibilizazioak, beraz, badu garrantzia eta horretaz jakitun, aurten indarrak batu dituzte Mater Museoak eta Kutxa Ekoguneak Uraren Nazioarteko Egunaren atarian.
Hilaren 22an ospatuko da mundu osoan Uraren Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere, ur gezaren kudeaketa iraunkorra aldarrikatzeko. 1992. urteaz geroztik ospatzen da, urte hartan Rio de Janeiron egin zen Nazio Batuen Erakundearen konferentzian hala proposatuta.
Araztegira bisita gidatua
Mater Museoak eta Kutxa Ekoguneak gaia lantzeko eskaintza berezia landu dute, bi ekitaldi berezi antolatuta. Lehena, igande honetan izango da (hilak 19), Kutxa Ekogunea Parkean. Han ur zikina nola kudeatzen duten erakusteko bista gidatua antolatu dute, 11:00eatik 14:00etara.
Partaideek ur zikinen ibilbidea ikusiko dute, eta horrez gain, Ekoguneko araztegiaren funtzionamendua eta berezitasunei buruzko azalpenak jasoko dituzte. Azkenik, zizare araztegi bat nola sortzen den azalduko diete eta praktikara eramango dute ikasitakoa.
Hondakinen arrantza
Bigarren jarduera, hilaren 26an izango da, Mater Museoak antolatuta. Parte hartzaileak Mater itsasontzian itsasoratuko dira, bertatik ur azalean dauden hondakinak biltzeko.
Jarduera honek hiru zati izango ditu: formazio txiki bat lehenik, itsas ingurumenaren gainekoa zein ontziko dinamikaren gainekoa, tripulatzaile profesionalek azalduta; hondakinen arrantza ondoren, eta azkenik, harrapatutako hondakinen dokumentazioa, estandarizatutako protokolo baten laguntzaz.
Bi jarduerak 12 urtetik gorakoentzat dira eta bietan aurrez eman behar da izena, ondoko telefono zenbakietara deituz edota helbide elektronikoetako batera mezu bat bidaliz:
- Kutxa Ekogunea Parkea: 943 55 20 20 erreserbak@ekogunea.eus
- Mater Museoa: 619 814 225 info@matermuseoa.com