Ia ezkutuan dagoen Ergoiengo Urtxale plazaren memoria berreskuratu nahi du oiartzuarrak. Auzokoak larunbat goizean bertara joatea gonbidatu ditu.
Ainara Lasa Perezek ergoiendarrekin zita jarri du larunbaterako.
Ainara Lasa Perez oiartzuarrak Ergoienen, ia ezkutuan, dagoen Uztapide plazaren memoria berreskuratu nahi du. Hori da plazaren izen ofiziala, baina bertakoek —zaharrenek, batez ere— Urtxale esaten diote.
Azken urteetan argazki ugari atera dizkio ia beti hutsik —festetan salbu— egoten den plazari. Argazkilaritza proiektua osatze aldera, plazaren beraren memoria jaso nahi du Lasak. Datorren larunbat goizean ergoiendarrak bildu nahi ditu bertan, eta euren ahotik plazaren historia jaso, memoriaren zurrunbiloan gal ez dadin.
Orain arte ikertutakoagatik, Urtxale plazak Ergoiengo jardun industrialarekin du zerikusia. Urtxale izena
urtzaile hitzetik eratorritakoa dela uste du oiartzuarrak. Izan ere, Matxieneko bizilagunek esana diote erreka bazterrean zegoen burdinolatik garai batean burdin kamioikada ugari ateratzen zituztela.
Hori guztia kontuan hartuta, ergoiendarrekin hitzordua 11:00etan jarri du. Oroitzapenak jaso nahi ditu, plazaren erabilera zein zen eta abar jaso nahi ditu, baita protagonistei erretratuak egin ere. Ondoren, mokadu bat jango dute elkarrekin.