Ion Collar: M19: parte hartzea demokrazia egitea da
Sentimendu nazionalista, internazionalista, unionista edo independentistatik harago, osasun demokratikoaren sintoma behar luke erabakitzeko eskubideak, edo hobe esanda, erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketak. Libre erabili behar genuke guztiok. Erabiltzea, demokraziaz ulertzen dugun horretan zuzenean parte hartzea da. Erabiltzea, demokrazian aritzea da. Egungo egitura politikoek onartzen ez badute ere, Espainiako Estatua plurinazionala da, historia, hizkuntza eta kultura arrazoi ukaezinengatik. Eta errealitate plurinazional horiek beren etorkizun politikoa erabakitzeko duten gogoa, marko konstituzional berri baten barruan, naturaltasun osoz adostutako formatuan onartu beharko litzateke. Ez dugulako hautetsontziek libre adierazten dutenaren beldur izan behar, eta herritarrak prozesuetan libre parte hartzera gonbidatu behar ditugulako.
Jendarte demokratiko ororen oinarrizko eskubide besterenezinen artean dago erreferendum bidez etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea. Orain hilabete eskas esan zuen Manuela Carmenak: «Guztien parte hartzea da demokraziaren esentzia». Ezin dugu herritarrek hautetsontzietan adierazten dutenaren beldur izan. Ez bakarrik lau urtetik behin erakundeetako ordezkariak hautatzeko. Herritarrek egunerokoan eragiten dieten gaien gainean, ongizatearen gainean, edo dituzten beharren gainean erabaki behar dute.
Espainiako Estatuko marko juridikoak, Estatuarekin adostutako erreferendumak egitea onartzen duela esan dute zuzenbide konstituzionaleko hainbat adituk. Aukera honi ez badiote orain arte aterik zabaldu, Espainiako Estatuko gobernu ezberdinen borondate faltagatik izan da. Interpretazio ezberdinak izan baditzake ere, zuzenbidea, arazo politikoei irtenbide demokratikoak aurkitzeko tresna gisa ulertu behar da, eta ez arazo berriak sortu edo daudenak okertzeko.
Demokrazian sakontzeko tresna da erreferenduma. Eztabaida politiko plurala ahalbidetzen du, adostasuna, eta akordio eraginkorrak. Instrumentu inklusiboa behar du, gainera, errealitate plurinazional ezberdinetako herritarrek Estatuarekin izan nahi duten harreman politikoa aske adieraztea ahalbidetuko duena. Sinplea: eredu demokratiko berri baterantz osasun demokratikoaren aldeko ariketa da.
Herritarrei eguneroko errealitatean eragiten dieten arazo politikoei erantzuteko, lurraldekoak nahiz estrukturalak izan, irtenbide politiko gehiago eskatzen ari da kultura demokratikoa. Jendarte modernoek dituzten oinarrizko mekanismoen bidez artikulatu behar dira horiek: botoarekin adierazten den herritarren gehiengoaren borondatea aitortuta. Herritar oro parte harrarazi behar du erreferendumak, hautetsontziak ateratzeko beldurrik gabe, eremu ezberdinetan erabakitzeko eskatuz herritarrei…
Zergatik ez atera hautetsontziak errauste plantaren gainean galdetzeko? TTIP eta CETA hitzarmenen gainean? Europako Batasunetik edota NATOtik ateratzeko? Edo monarkiaren gainean galdetzeko?
Zergatik dago hainbesteko beldurra herritarrek erabaki dezaten? Borroka dezagun libre adierazteko eskubidearen alde, zuzeneko demokrazia batean eragin ahal izateko; txiroek mundua dugu irabazteko. Eskubide horiek ez ditugunez, martxoaren 19an era masiboan hartu behar dugu parte. Boto txartelean X-a non jartzen dugun baino, parte hartze portzentajeak erabakiko du prozesuaren arrakasta. Parte hartze altua, aldaketa demokratikoaren aldeko aldarri ozena izango da, gure oinarrizko eskubideak erabiltzen uzteko exijentzia, demokrazian lau urtetik behin parte hartzeaz harago.
Ion Collar. Errenteriako Ahal Dugu-ren idazkari nagusia.