Errenteriako eta Iruñeko alkateek elkartasuna adierazi diete lau gazteei

Iruñean atxilotutako lau gazteen gurasoen agerraldia.

Gurasoek atzo esandakoak txalotu dituzte bi alkateek.

Julen Mendoza eta Joseba Asironek, Errenteria-Oreretako eta Iruñeko alkateek, hurrenez hurren, adierazpen bateratua plazaratu dute. Gaur zortzi Nafarroako hiriburuan izandako gertaerak eta hiru gazte oreretarren espetxeratzea gaitzetsi dituzte.

Horrela, “indarkeriazko edozein adierazpen” —Iruñekoak barne— gaitzetsi dituzte, eta “irmotasun berarekin” gaitzetsi dituzte istilu horiek terrorismo bezala kalifikatzea. “Neurrigabea” dela uste dute, eta “iraganari eta salbuespen neurriei” erantzuten dietela uste dute. “Gure herrian bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematea oztopatzen dute”, iritzi dute EH Bilduko bi alkateek.

Etorkizunera begira jartzeko deia luzatu dute, halaber. “Uste dugu batzuek zein besteek iraganean nahi gaituztela, gainditutzat jotzen genituen gertaera, egoera eta dramak errepikaraziz”, gaineratu dute. Hainbat sektorek “indarkeriari buruz egiten duten ariketa nostalgiko eta hutsalak” kezkatzen ditu bi hirietako alkateak. Espainiako Estatuarentzako ere izan dituzte hitzak: “Irmotasun berberarekin, kezkatzen gaitu estatuaren jarrera immobilistak eta salbuespenezko neurri eta politiken mantentzeak”. Horrela, uste dute “batzuek zein besteek” gazte belaunaldi bat “indarkeriaren eta sufrimenduaren ziklo berri batean katramilatu” nahi dituztela.

Elkartasuna
Momentu honetan Iruñeko espetxean dauden hiru gazteen “berehalako askatasuna” exijitu dute. Auzia Espainiako Auzitegi Nazionaletik epaitegi arrunt batera pasatzea eskatu dute Mendoza eta Asironek, terrorismo kalifikazioa kenduta.

Atxilotutako lau gazteen gurasoei “elkartasunik zintzoena” adierazi diete, “alkate eta aita” bezala. Izan duten “ausardia” txalotu eta atzoko agerraldian egindako adierazpenengatik zoriondu dituzte. Ildo horretan, bat egin dute gaur arratsaldean, 17:30ean Herriko Plazatik aterako den manifestazioaren deialdiarekin.

Bukatzeko, hausnarketa bat helarazi nahi diote jendarte osoari, baina “bereziki” klase politikoari: “Iraganeko indarkeria zikloaren itxiera antolatua behar dugu, soilik horrela ezarriko baitugu egoera hau berriz ere ez errepikatzearen bermea”. Euskal Herriak hainbat urtez “sufritutako drama” ezin errepika daitekeela ziurtatu dute. Horrela, eragile politikoei —eurak barne— dei egin diete kontsentsu eta akordioak erdiestera. “Erantzuteko gai ez bagara, sufrimenduaren aro berri batera itzultzeko arrisku handia dugu”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend