Ikaragarria. Hala definitu dute Demoarsoko Imanol Esnaola eta Naroa Iturrik Oarsoaldean egindako galdeketa.
Imanol Esnaola eta Naroa Iturri, Demoarsoko kideak
Ikaragarria. Hala definitu dute Demoarsoko Imanol Esnaola eta Naroa Iturrik Oarsoaldean egindako galdeketa. «Halakoa izan da hilabete hauetan egin dugun lana, ez bakarrik zuen guzien lan eta bolumen handi hori izan duelako, egin dugunak muga garrantzitsu bat apurtu duelako». Muga hori historikoa dela esan du Esnaolak, «hamarkadaz eta hamarkadaz izan dugu gainean, eta muga hori apurtzea, ariketa honek, galdeketa honek lortu du.Gainetik kendu dugu. Gure herriaren etorkizunaz erabakitzeko ardura hartu eta bete egin dugu».
Urtebetez lana elkartu egin dela, saretuz egin direla adostasunak gaineratu du Iturrik, «oso garrantzitsua izan da hori, eta orain dela urtebete ikusten ez genuena orain ikusi dugu. Gaur iritsi da eguna, ikusi duguna adostasun horiek saretuz joan direla poliki-poliki. Autoantolatu egin gara, oso garrantzitsua den beste kontzeptu bat». Legitimitate osoz jantzi dela prozesua esan dute biek, «gaur ere hori ikusi da». Galdeketaren atzean, «ingeniaritza lan sozial izugarria» egin dutela erantsi du Esnaolak, «astez aste, kuadrillaz kuadrilla, etxez etxe, ideiak, konpromisoak, kateatzen lan egin dugu».
Ez dituzte ahaztu Demoarso iniziatibako bi kideek, Zumardian kokatutako Lau Haizetara karpan arratsean egindako agerraldian, denbora luze honetan zein atzoko egunean bertan lanean aritu diren boluntarioak. Haiek egin dute Oarsoaldeko galdeketa posible. Txaloa eskatu dute horientzat guztientzat, «jota su lanean aritu zaretelako hainbeste hilabetez», eta karpan bildutakoek txaloekin erantzun dute.
Legitimitatea bildu
Parte hartze prozesu sendoa antolatu duela Demoarsok nabarmendu dute Esnaolak eta Iturrik, bestalde. Horren harira, Katalunian prozesua abiatu zutenean Arenys de Munten zein beste herrietan lortutako emaitzei aipamena egin zien Iturrik: «Ikusi dugu herri batzuetan %6koa izan zela parte hartzea, eta beste batzuetan, berriz, %40koa». Oarsoaldean ere «datu dantza» erakutsi dutela galdeketaren emaitzek erantsi du, «dantza horrek benetan erakusten duena, erabakitzeko garaia iritsi zaigula da, demokrazia batean erabakitzeko aukera izan behar dugula, XXI mendeko oinarri sozialak eraikitzen jartzeko unea dela». Erabakitzeko eskubidea «egikaritzeko» mende honetako gizarte guztien «giltzarria» izango da Demoarsoko ordezkarien hitzetan, «Oarsoaldean urrats hori egin dugu, antolatu gara eta legitimitatea biltzea lortu dugu erabakitzeko eskubidea egikaritu ahal izateko».