Normaltasuna eta ilusioa. Horiek izan dira Demoarsoren gaurko galdeketan sumatu direnak hamalau hautesleku eta hamazazpi mahaietan.
Maria Pilar Zulaikak ilusioz eman du botoa. 89 urteko errenteriarrak Biterin bozkatu du.
Normaltasuna eta ilusioa. Horiek izan dira Demoarsoren gaurko galdeketan sumatu direnak hamalau hautesleku eta hamazazpi mahaietan. Bozkatzera hurbildutako gehienak irribarretsu. Intzidentziarik ez da izan, une hunkigarri eta politak bai. Horietako bat utzi du Biteri kaleko hauteslekuan zain zen lagun taldeak, bozkalekua zabaldu baina ordu laurden aurretik. Bozkatzeko presa zuten, Madrilera abiatu behar zuten eta. Bertan erraustu dute Ion Arretxe errenteriarra. Atzo zendu zen. 1985. urtean Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten, eta 30 urte beranduago, 2015ean, argitaratu zuen Arretxek Intxaurrondoren gaineko
La sombra del Nogal liburua. Azken agurra ematera joan zaizkio, baina aurretik bozkatu egin nahi zuten.
Bozkalekuek belaunaldiak batu dituzte gaur. Heldu eta gazte bildu dituzte erabakitzeko eskubidearen alde egiteko. Belaunaldi ezberdinak, baina ilusio bera. Biteri kaleko bozkalekuan eman du botoa Maria Pilar Zulaikak: «Bozkatu egin behar zela esan didate eta etorri naiz, baina gogoz etorri naiz, nahi dudalako». 89 urte ditu Zulaikak, eta argi du Demoarsoren galdeketa «onerako dela. Gustura etorri naiz nire botoa ematera».
Hautesleku berean bozkatu du hamasei urte dituen Udane Alfonsok. Ilusio «izugarriarekin» heldu da bozkalekura gaztea. «Bozkatzeko eskubidea izateak sentiarazi dit nire iritziak ere inporta duela». Gazteek bozkatzeari garrantzitsua iritzi dio Alfonsok, «gazteak etorkizuna gara eta halakoetan ez badugu parte hartzen, akabo dena. Ez edo bai berdin dio, iritzia eman behar dugu, bakoitzak gurea. Hala ere baiezkoa ateratzea espero dut, eta ea hemendik gutxira Euskal Herria aske bat garen, gure hizkuntzarekin eta gure erabakiak hartzeko eskubidearekin».
Halakoak errepikatu dira hauteslekuetan, 09:00etan zabaldu dituztenetik.
Naroa Iturri Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago Iniziatibako ordezkariak «normaltasuna eta ilusioa» nabarmendu ditu egunaren gaineko balorazioa egiteko unean bozkalekuak ixteko bi ordu exkax falta direnean: «Batez ere goizean ikusi da mugimendua hauteslekuetan, eguerdian hori pixka bat moteldu da baina arratsaldean berriz ere ugaritzea aurreikusi dugu». Intzidentziarik doa da eguna, «fin oso» Iturriren esanetan.