Jende mordoa gerturatzen ari da goizeko lehen ordutik.
Iritsi da eguna. Hasi da Demoarso-ren herri galdeketa, hasi da demokrazia ariketa. 9:00etan ireki berri dituzte hautetsontziak Lezon, eguraldia alde dutela. Ordutik gerturatzen hasi dira Karlos Saldise plazako bozkalekutik, euren boto eskubidea gauzatu nahian. Hori da Lezon eskuragarri dagoen bozkaleku bakarra. Egun bereziari hasiera normaltasunez eman diote lezoarrek.
Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan? galderari erantzun beharko diote bozkalekutik pasako direnek, baiezko edo ezezko erantzun aukerekin.
Hurrengo orduetan ehundaka lezoar bozka ematera pasako dira. Egunean zehar ekitaldi ugari antolatu dituzte. Bozkalekuaren irekierarekin batera, txistulariak eta dultzaineroak diana egiten ari dira herrian zehar, giroa alaitzeko. 14:00etan bazkaria egingo dute Tiñelu elkartean. 17:00etan Iñaki Labakak kantaldia eskainiko du. 19:00etan herriko 60 komertziok eskainitako saria zozketatuko dute Gurutze Santuaren plazan. Lortutako dirua joan den larunbateko ekitaldia finantzatzeko izango da. 19:30ean, zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan egingo da, eguneko azken ekitaldia izango da. Hautetsontziak 20:00etan itxiko dituzte, galdeketa egunari amaiera emateko.
5129 bizilagun daude deituak gaurko egunean bozka ematera. Dagoeneko Oarsoaldeko herritarren esku dago.