Haurtzaro Ikastola 50. urteurrena ospatzen murgilduta dabil. Ekitaldi ugari prestatu dituzte udaberrirako, eta maiatzaren 6a izango da egun handia.
Ikastolan gogoz ari dira mende erdia ospatzen.
Haurtzaro Ikastolak mende erdia betetzen du ikasturte honetan, eta urtemuga hori ospatzeko asmoz, hiru ekitaldi sorta antolatu zituzten bere garaian. Ikasturte hasierakoa eta gabonetakoa pasata, udaberrikoa etorriko da orain.
Lehen ekitaldia igandean bertan egingo dute. Mendi martxa bat antolatu dute, haur eta gaztetxoentzat. 09:00etan zortzi urtetik gorakoak irtengo dira ikastolatik, eta 11,17 kilometro egin eta gero, irteera tokian bukatuko dute. Zortzi urtetik beherakoak 11:00etan aterako dira, 4,8 kilometro egiteko. Osteguna baino lehen eman beharko da izena.
Bertso bazkaria
Hilabetearen azken egunean, berriz, Korrika Ttiki! eta Gazte Korrika! ospatuko dute. 12 urtetik beherako ikasleek 15:00etan dute zita, eta helduagoek, berriz, 19:00etan. Lehenak Irubiden geratuko dira eta bigarrenak Landetxe plazan.
Hurrengo egunean, apirilaren 1ean, bertso bazkaria egingo dute ikastolan, Jon eta Alaia Martin eta Ander Lizarralde bertsolariekin. Gai jartzaile lanetan, berriz, Donibane Azkarate eta Antton Kazabon ikastolako irakasle bertsolariak ariko dira.
Txartelal jadanik salgai daude, ikastolako idazkaritzan, Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian, hamabost euroren truke. Ikasle eta langabetuek zortzi ordaindu beharko dituzte.
Maiatzak 6, egun indartsuena
Ospakizunik handiena maiatzaren 6rako gorde dute. 10:30ean hasiko da ekitaldi nagusia, eta, besteak beste urtemugaren liburua aurkeztuko dute. 13:00etan mural bat margotuko dute, eta bukatzean, bazkaria egingo dute.
Ondoren, Oroitzapenen Lehiaketa izena jarri diotenaren zozketa egingo dute. Eta 16:00etan kontzertu
potentea egingo dute: Etiam, Kepa Junkera, Esne Beltza —kolaborazioarekin—, Huntza eta Gozategi.
Oroitzapenen Lehiaketa
Mende erdia betetzen dutela eta, Oroitzapenen Lehiaketa izenekoa abiarazi du Haurtzaro Ikastolak. Lau laguneko taldeak osatu beharko dituzte. Horrela, ikastolako bi pasadizo kontatu beharko dituzte. Ez dira horretara mugatuko: ikastolako irakasle edo langile bat deskribatuko dute, pisten bitartez, izenik esan gabe. Gainera, maiatzaren 6ko festan parte hartzera deitu behar dute. Hori dena bideoan jasoko dute.
Bideoa apirilaren 5a baino lehen bidali beharko dute, pendrive, CD edo bestelako euskarri bat idazkaritzan utzi beharko du taldeak. Irabazleek Zuberoa jatetxean bazkaltzeko aukera izango dute.
Horrez gain, Haurtzaro Ikastolako ikasleek
orrialdea sortu dute facebooken.
Ikastolaren webgunean atala sortu dute ere.