Labore Oarsok gaur inauguratu du bere denda Oiartzungo Ihurritan. Kontsumo kooperatibak kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harreman berria sustatu nahi du.
Labore Oarso denda gaur inauguratu dute. Astelehenan zabalduko dute.
Zabaldu dute
Labore Oarso denda. Gaur inauguratu dute eta datorren astelehenetik irekia izango da. Hamarnaka lagun bildu dira, Oiartzungo Ihurritan, hilabete luzez amets izan duten kontsumo kooperatiba bertatik bertara ezagutzeko eta herritar ugariren auzolanaren emaitza ukitu, usaindu, ikusi eta sentitzeko. Egi bihurtu dute beste kontsumo mota nahi dutelako, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko beste harreman eredua sustatu nahi dutelako, jaten duten hori kalitatezkoa nahi dutelako, kontsumitzaileen osasunak axola dielako, eta prezio justu bat nahi dutelako kontsumitzaileentzat baina baita ekoizleentzat ere.
Barazkiak, frutak, esnea, marmeladak, zerealak, zukuak, kosmetikoak, garbiketarako produktuak, produktu freskoak, ogia… ekologiko eta ez ekologikoak, dotore jantzita jaso ditu bertaratu diren guztiak Labore Oarsoren dendak. Apal bakoitzaren atzean, lurrean, paretetan, mostradorean, denda osatzen duten elementu guztien atzean, eskulana.
Egun berezia, “pozgarria” dela gaurkoa Labore Oarso osatzen dutenentzat esan du proiektuaren kide Aurkene Astibiak, eta eskerrak eman dizkie bertara bildutako guztiei, “egun hau gurekin konpartitzeagatik”. Atzera begira jarri da, eta Udalbiltza eta Zazpiak Baten eskutik heldu zela proiektua Oarsoaldera ekarri du gogora: “Berehala osatu genuen taldetxoa Oasoaldeko herrietako hainbat lagunek, gero talde eragile izango zena. Orduan hasi ginen lanean eta bidelagun asko izan dugu bide luzean elkarteak, erakundeak, aholkulariak, lan taldeak, adituak, bazkideak… denak boluntario eta auzolanean, helburu batekin, kontsumo kooperatiba sortzea. Eta gaur urratsa egitera goaz, denda zabalduko dugu gaur”.
Elikadura ezin duela negozio izan esan du Astibiak, “ezin dugu beraz multinazionalen eta boterearen esku utzi. Bertako produktuak kontsumitu nahi ditugu, horrela, bertako ekonomia sustatzen dugulako”. Hemendik aurrera, auzolana eta profesionaltasuna uztartu beharko dituztela gaineratu du oreretarrak, baina oraindik ere lan handia gelditzen dela nabarmendu du: “Guztion lana behar du Laborek, gaurtik aurrera ere lau haizetara zabaldu behar dugulako proiektua, honen berri eman, bazkideak lortzen jarraitu”.
Jon Legorburu izango da Labore Oarsoren lehendakaria, eta berak ere hartu du hitza. Errezitaldi musikatua egin du Iñaki Labaka abeslariaren laguntzarekin eta eskerrak eman dizkie proiektua sustatzen, eraikitzen eta egi bihurtzen lagundu duten guztiei. Erronkak, bilerak eta bilerak, eta orduak eta orduak, “asko”eskatu dituela esan du; ekoizleak aipatu ditu, auzolana, bazkideak, abal emaileak, eta esan du gaur ametsa bete dutela, “Labore zu sortzea izan dugu guk ohore”.
gaurko inaugurazio ekitaldian izan da Julen Mendoza Errenteriako alkatea. Labore Oarso zoriondu du: “kontsumo ezberdin bat planteatzen duzue, proiektu eraikitzailea da zuena, herritarra gainera, eta kooperatiba. Proiektuak etorkizun oparoa izan duen zalantzarik ez dut eta zabalduko dela”.
Hamaiketakoa antolatu dute inaugurazioaren barruan eta Iñaki Labaka musikari eta abeslariak girotu du.