Atxilotutako lau gazteen abokatuek helegitea jarriko dute erabakiaren aurrean.
Hamarnaka lagunek babestu dituzte atxilotutako oreretarren gurasoak.
Atzo zabaldu zen Espainiako Auzitegi Nazionalak bere esku hartu duela Iruñean atxilotutako lau gazte oreretarren auzia “terrorismo delitua” dagoela esanda. Atxilotutako lau gazteen abokatuek helegitea jarriko dute erabakiaren aurrean. Bihar amaitzen da hori aurkezteko epea, Patxi Petrirena espetxeratutako gazteetako baten aitak jakinarazi duenez, eta abokatuek prest dute jada.
Abokatuen esku dagoela kontua, baina Petrirenak “gehiegizkoa, neurriz gainekoa” dela dio Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia: “Halakoak leporatzea gehiegizkoa iruditzen zaigu. Gure ustez, Nafarroako auzitegiak epaitu beharko lituzke gertaera horiek”.
Abokatuek, gainera, ez dutela oraindik notifikazio ofizialik jaso erantsi du, “zabaldu da, baina ofizialki ez dugu jaso jakinarazpenik”. Erabakiak Iruñeako espetxetik atera eta beste batera eramatea eragingo duen ere ez dakitela esan du Petrirenak, “badakigu arrisku hori dugula, baina ez dugu ezer ziurrik”.
Atzoko berriaren ostean, “gaizki, baina aurrera egiteko indarrarekin” sentitzen direla gazteen gurasoak esan du Petrirenak, “egia da baikorrago egon garela azken egunetan Altsasuko auziaren gainean hartutako erabakiarekin, besteak beste. Atzokoa, ordea, gogorra izan zen. Hala ere, itxaropena badugu gure errekurtsoarekin, eta uste dugu nahikoa hedatua dagoela jendartean sentipen hau, halako kalifikazioa ematea gertaera horiei gehiegizkoa dela, alde batera utzita egozten dieten horretan parte hartu duten edo ez”.
Gazteak ongi daudela esan du Petrirenak, “atzoko kolpearekin irentsi ezin bezala badaude ere. Haiek ere ez zuten hamabost egunen buruan berri hori espero. Gorabeherekin, beraz, baina nahiko ondo daude. Espetxez aldatzeko beldurrarekin”.
Errenteria-Oreretan hilaren 18an egin zen manifestazioan jaso zuten jendearen erantzunarekin “oso pozik” daudela gaineratu du Petrirenak, “babes handia sentitu dugu. Esan genuen bezala, gure seme -alaben eta gazte guztien etorkizunaren alde oinarri bat jarri nahi dugu, horrelako gauzak gehiago gertatu ez daitezen”.
Hilabeteko epea dute orain, errekurtsoa aurkeztuta, erantzuna jasotzeko.