Kirolari oiartzuarra lehenengo doa Espainiako slalom rankingean, eta aukera handiak ditu estatuko txapelketan parte hartzeko.
Ane Asensio Telletxea, atzoko entrenamendua hasi baino lehen.
Pasa den ostegunean jokatu zuten Gipuzkoako Slalom Txapelketa, Elorsoro kiroldegian. Ane Asensio Telletxea oiartzuarra nagusitu zen, harmailetan zeuden herrikide askoren animoak jasota. Bere mailako Espainiako rankingean lehenengo postuan doa kirolari oiartzuarra. Horrela, ekainaren lehenengo asteburuan Granadan jokatuko duten Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera handiak dauzka Haurtzaro Atletismo Taldeko kideak. Iazkoa poltsikoratu zuen.
Gainera, Euskadiko txapelketa ere begiz jota du. Apirilaren 29an jokatuko dute, Bergaran. Aneren aita Juan Luisek ziurtatu duenez, aurtengo denboraldian “ongi dabil” bere alaba.
Hori slalomari dagokionez. Atletismoan ere ari da, eta aurten 100 eta 200 metroko probetan lehiatzen ari da, pista estalian, oraindik aire libreko denboraldia ez delako hasi. Bere helburua Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka lortzea izango da.