Bisita gidatuak antolatu dituzte Donibaneko liburutegi berrira, espazioa ezagutzera emateko, eta herritarren ekarpenak biltzeko.
Erabilera anitzeko eraikinaren goiko pisuan atonduko dute Donibaneko liburutegi berria.
Donibanen laster inauguratuko dute liburutegi berria, eta sanjuandarrak gertutik ari dira proiektua jarraitzen. Ez dute edonolako liburutegia nahi. “Herritarrei behar adina informazio helarazteko baliagarria izateaz gain, kultur topagunea” izatea nahi dute. “Kultura sustatzeko espazioa”, “ezagutza trukatzekoa”, “euskal kultura bultzatzeko gune”, “sortzeko, ideiak plazaratzeko espazioa, pentsamendu kritikoa lantzekoa…” hamaika asmo dituzte gune berrirako.
Eraikineko lanak bukatuak daude jada. Espazioa, ordea, hutsik dago oraindik, besteak beste, nola atondu herritarrekin batera adosten aritu direlako.
Herritar eta eragile talde batek dagoeneko landu du proposamen bat, baina ekarpen gehiago jaso nahiko lituzkete, eta horretarako bisita gidatuak antolatu dituzte, “espazioa ezagutzera emateaz gain, diseinua aurkeztu, eta herritarren beharrak eta hausnarketak” jasotzeko.
Bisita gidatuak, ondoren zehazten diren egun eta ordutegietan izango dira:
• Ostiralean (hilak 31), 17:00etan, familientzat (haur eta helduak elkarrekin).
• Ostiralean (hilak 31), 19:30ean, gazteentzat.
• Bihar, 19:00tan, herritarrentzako irekia.