Harmailetan zaleen babesa dute beti arrosek. Argazkia: Ainhoa Bonifacio.
Zarautz Txikipolit taldearen kontra 31-28 galdu eta gero Donibane Eskubaloiak agur esan dio igoerarako play-offak jokatzeko aukerari.
Sufritzen ari dira sanjaundarrak azken jardunaldietan. Bigarren itzuliaren hasieran jokoan distiratsu aritu eta gero, gainbeheran ari dira azkenaldian, lesioen hutsuneak nahi baino gehiago igarrita.
Zarautzen, arrosei, partidaren hasieratik jarri zitzaizkien gauzak maldan gora. Gol aukera batzuk alferrik galdu eta kontrarioak berehala aurreratu ziren markagailuan. Arrosek, hala ere, berehala erreakzionatu eta atsedenaldira 13na berdintuta iristi ziren.
Bigarren zatian zarauztarrek agindu zuten. Sanjuandarren akatsak ederki probestu zituzten, eta jokoaren erritmoa azkartu, abantaila handituz.
Honenbestez, datorren astean bukatuko du denboraldia Donibane Eskubaloiak, Gasteizen, Corazonistas taldearen kontra jokatuta. Gasteiztarrak igoerarako play-offak jokatuko dituzte.
Jokalariak eta golak:
Ion Ziganda (5), Aitor Cerro (4), Zuhaitz Garrido (4), Iñaki Gonzalez (4), Jon Gajate (4), Aritz Frias (3), Ibai Borges (3), Iñaki Atxukarro (1), Emilio Idoipe, Haritz Perez, Iñigo Nogues, Jose Gonzalez eta Kamel Abdi.