Saharako Astea antolatu du El Watan elkarteak. Hainbat ekitaldi egingo dituzte, Afrika iparraldeko herrialdearen errealitatea ezagutarazteko.
Olga Leibar, Josune Cousillas, Estitxu Juanes eta Fatimetu Salec.
Saharako Astean murgilduta daude Oiartzunen. Saharako errefuxiatuen aldeko El-Watan elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu egun hauetarako. Afrika iparraldeko herrialdeko errealitatea ezagutaraztea da euren helburua.
Atzo hasi zen Saharako Astea, Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan emandako antzezlanekin. El Watan elkartea bera eta Trotamundos antzerki taldea Saharako Auserd herriko kanpalekuan izan ziren, eta han bizitakoa oholtzaren gainean interpretatu zuten.
Horrez gain, Jose Luis Irigoienek egindako argazkiak ikus daitezke, ostiralera arte, udaletxeko pleno aretoan. Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan ateratako erretratuak ikus daitezke, eta protagonista bertako emakumeak dira.
Ostiralerako beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Alde batetik, Oiartzunen bizi den Jose Luis Paulin Seijas medikuak hitzaldia emango du. Saharako errefuxiatuen guneetan lan egin du, eta hango bizipenak jaso ditu
Kooperazioa: egiak, gezurrak eta utopia baten bizipenak? liburuan. Solasaldia 19:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan.
Horren ondoren, afari sahararra egingo dute Ergoiengo Auzokalte elkartean. Entsalada, kuskusa eta izozkiak osatuko dute arratseko menua. Sarrerak Garmendi txokolategian daude salgai. Helduentzako hamabi euro balioko du txartelak, eta haurrentzako, berriz, hamar.
Ur bidoien eske
El Watan elkarteak, bestalde, 600 ur bidoi jaso nahi ditu urrira bitartean. Herriko tabernetan eltzeitsuak eltzeitsuak jarriko dituzte dirua biltzeko, eta bestela Laboral Kutxako 3035 0126 64 1260141649 kontu korrontean ere egin daiteke ekarpena.
Kanpaina egiten ari diren bosgarren urtea izango da aurtengoa. Dagoeneko 400 familiari banatu dizkiete 1.000 litroko bidoi bana, baina zaharkituta dauden upelak aldatu nahi ditu elkarteak.
Gainera, ekainaren bukaeran zortzi haur saharar helduko dira Oiartzuna,
Oporrak bakean kanpainaren barruan.
El Watan-i eskertza
Oiartzungo Udalak, Josune Cousillas Kultura zinegotziaren bitartez, eskerrak eman dizkie El Watan elkartea osatzen dutenei. Ildo horretan, Saharako egoera ezagutarazteko egindako ahalegina aitortu die. El Watanek duen jarrera aktiboa ere txalotu du Cousillasek.