Zabaldiya bildumaren laugarren liburua aurkeztu dute aste honetan Donibanen, ‘Argazkilariak Pasaian’ izenburupean; liburuan bildu dituzten argazkietako asko ikus daitezke Victor Hugo etxean.
Txiki geratu zen herenegun Donibaneko Victor Hugo etxeko erakusketa aretoa. 19:00etarako iragarrita Argazkilariak Pasaian liburuaren aurkezpena, Zabaldiya bildumaren azkena. Ordu eta toki berean, argazki erakusketaren inaugurazioa, libururako bildu dituzten argazkiekin osatuta.
Aurkezpena hasterako jende asko ari zen zuri-beltzezko argazkiei begira, tentuz, kokatzen, irudikatzen, elkarrekin iruzkintzen… Publikoan, gazte helduak nagusi, kultura eta historia kezka duten herritarrak, udal ordezkariak, … herriko aurpegi ezagun askok topo egin zuten ekitaldian. Baita gonbidatu bereziak ere, Ricardo Martin argazkilariaren semea kasu, aitaren argazkiak ikusgai daudelako bertara propio gonbidatuta. Gustura publikoa.
Eta denen gozamenerako, sorpresa, ezusteko atsegina. Ez zegoen iragarrita, baina, aurkezpena musika eta kantuz girotu zuten Olatz Pratek eta Joxan Goikoetxeak, ekitaldirako propio prestatutako kantekin. Sarrionaindiaren Oroimenaren portura, Atahualpa Yupanquiren La vida por mi sombra kantuaren euskarazko bertsioa, Itzala, Juan Gartziak itzulitako letrarekin, Xenpelarren bertso ezagunak… txalo artean, bisa eta guzti bukatu zuen bikoteak emanaldia. Plazer hutsa.
Bi izenburu
Olatz Prat eta Joxan Goikoetxea, aurkezpenean eskaini zuten emanaldian.
Publikoa oroimenaren portutik orainera ekartzeko, kultura zinegotzi Mirian Canok, Zabaldiya bildumaren zuzendari David Zapirainek, eta liburuaren egile Juantxo Egañak hitz egin zuten. Pasaiako Udalak herriko historia eta kultura balioan jartzeko egiten ari den ahaleginaren berri eman zuen kultura zinegotzi Mirian Canok, eta testuinguru horretan kokatu zituen liburua eta erakusketa.
David Zapirainek hartu zuen hitza jarraian, eta ekitaldia «Pasaian tarteka gertatzen diren mirari txiki» gisa defenitu zuen. Kontent egindako lanarekin, eskerrak eman, eta berehala heldu zion gaiari. Azaldu zuenez, liburuan eta erakusketan iraganeko argazkiak bildu dituzte, baina «ez iraganaren preso bizitzeko, etorkizuna irudikatzeko baizik».
100 urteko ibilbide bat osatu dute argazki bidez, 1858-1964. urteen arteakoa. Zapirainek nabarmendu zuenez, oraingoan «materiala soberan» izan dute, eta argazkien aukeraketa «sufrimendu bat» izan dela aitortu zuen. 80 argazki jaso dituzte liburuan, eta 50 inguru utzi behar izan dituzte kanpoan.
Materiala hainbestekoa izanik, bildu dutena, «lagin oso txikia» dela azaldu zuen Zapirainek, eta «istorio oso bat osatu» ordez, «historiaren zatiak erakutsi nahi izan dituztela jakinarazi zuen». Horregatik bi izen: Pasaiako herritik du izena erakusketak euskaraz, eta Pasajes en blanco y negro gaztelaniaz, «zuri-beltzean garaia kokatzeko, eta pasajes pasarteak kontatu ditugulako, historia zatiak».
Publikoari jolaserako gonbidapena luzatuz bukatu zuen hitzaldia Zapirainek: «Herria nola aldatu den ikusi, espazioak kokatu, zuek bertan zer irudikatuko zenutekeen pentsatu…». Horrez gain, argitaratutakoen artean argazki estereoskopikoak daudela nabarmendu zuen: «3Dn ikusteko betaurrekoak lortuz gero, jantzi, eta une atsegin bat igaroko duzue duela 80-100 urteko Pasaiaren hiru dimentsioetako argazkiak ikusten».
Erakusketa maiatzaren 7ra bitartean egongo da zabalik, Victor Hugon
Ehun urteko ibilbide historikoa osatu dute Pasaiako argazkien bitartez
Juantxo Egaña izan zen hitza hartzen azkena, liburuaren egilea. Argazkilaria izateaz gain, «Euskal Herriko argazkilaritzaren historiaz ezagutza kasik infinitoa» duela nabarmendu zuen Zapirainek Egañaren aurkezpenean. Egileak, bere aldetik, bilduman bildu dituenen artean, hainbat nabarmendu zituen. Henri de Lestrange argazkilariarenak, Frantziako kultura ministerioaren jabetzakoak; Auguste Murielen argazkiak, 1964. urtekoak, Paris eta Madril arteko trenbidea eraiki zirenekoak; argazki oso zaharrak, San Pedroko Torreari Jean Andreuk ateratakoa kasu, Ricardo Martinenak; edota orain arte ikusi gabeak, Cesareo Castilla Moldarena argazkilari nafarrarenak eta Baron de Montevillaren argazki estereoskopikoak kasu.
Egañak kontatu zuenez, aurretik ezagunak zituen argazki gehientsuenak, baina lan hau enkargatu zioten arte, ez zituen bildumatuta. «Orduan hasi nintzen puzzlea osatzen. Ibilbide historiko bat, Pasaiako argazkilaritzaren bidez, 1858. urtetik hasita». Erakusketan, 60 argazki inguru daude «mende bateko argazkiak» garaiko grabatu, liburu eta prentsa artikuluekin lagunduta.
Argazki erakusketa
Izenburua: ‘Pasaiako herritik’
Tokia. Pasai Donibanen, Victor Hugo etxean.
Noiz arte. Maiatzak 7.
Ordutegia:
Asteazkenetik larunbatera: 18:30 – 20:30;
Jai egunetan: 11:30 – 13:30 / 18:30 – 20:30;
Igandetan: 11:30 – 13:30;
Itxita: hilak 19 eta maiatzak 3;
Irekita: hilak 17 eta maiatzak 1.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.