Frantziako Justiziak gaur aztertu du Oier Gomez euskal presoari zigorra eteteko eskaera eta astelehenean, hilak 24, emango du erantzuna.
Oier Gomez euskal preso gasteiztarra aske uztea eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Niessenen.
Sei hilabeteko bizi itxaropena eman dioten Oier Gomez euskal preso gasteiztarrari babesa erakutsi eta aske uztea eskatu dute gaur Niessenen Sare Herritarrak deitu duen elkarretaratzean.
Frantziako Justiziak gaur aztertu du Oier Gomez euskal presoari zigorra eteteko eskaera eta astelehenean, hilak 24, emango du erantzuna. Parisko Pitie-Salpetriere ospitalean dago Gomez, espetxe zerbitzu ospitalizatuan, eta gaixotasunaren larria dela eta, ospitalera joan dira epailea eta prokuradorea.
Ewing sarkoma du, metastasia eragin dio euskal presoari buruan eta pelbisean eta oso larri dago. Gomezen muturreko egoera salatu dute bildutakoek, eta maiatzaren 6an, larunbata, larri gaixo dauden presoak aske uztea eskatzeko Sarek deitutako manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Autobusa ere antolatu dute manifestaziora joateko. Landaren jarri dute izena emateko zerrenda eta Panierreko zubitik irtengo da 15:30ean.
Gomezen abokatuaren eskaera onartuko balute ere, horrek ez luke ekarriko euskal presoa berehala askatzea, Frantziak ezarritako zigorraz gain Espainiak eta Portugalek euroagindua eskatu dutelako. Bi eskaera egin ditu Espainiak, eta bat Portugalek. Horiek berraztertzeko, asteazkenean egingo dute auzi saioa, eta egun horretan bertan, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizen eta Baionan.
Hamahiru dira une honetan larri gaixo dauden euskal presoak. Horien artean, Aitzol Gogorza oreretarra aurkitzen da.