38. aldiz egin dute Oiartzungo mendi ibilaldi neurtua. 170 pertsona bildu dira, Oiartzun eta Jaizkibel inguruetan gozatzeko.
Bizardia elkartean hamaiketakoa egin zuten mendi ibilaldian parte hartu zutenek.
Bizardia elkarteak Oiartzungo ibilaldi neurtua egin zuen atzo goizean, 38. aldiz. Doneztebe plazan jarri zuten zita, 07:30ean. 170 bat lagun elkartu ziren bertan, eta azkeneko taldea 08:00ak inguruan atera zen, eguraldia lagun zutela.
Oiartzundik Jaizkibel aldera abiatu ziren, eta bertako paradore zaharrean zuten bigarren kontrola. Handik behera egin zuten, Gaintxurizketa eta Arkale aldera, Gurutzen bukatzeko.
Azkarrenek lau ordutan egin dute itzulia, eta mantsoen joan direnek, berriz, sei ordutan. Bizardia elkarteko kideek adierazi dutenez, “arrakastatsua” izan zen atzoko mendi buelta. “Atera diren 170ak iritsi dira, eta biziki gustatu zaie egin dutena”, esan dute. Horrela, atzoko ibilaldi neurtuaren balio erantsia ibilbide bukaerako bunkerra izan zen. Esan dutenez, ibilaldian parte hartu zutenetako askok ez zuten ezagutzen, eta harrituta geratu zirela hura ikustean.
Martxa neurtua bukatzeko, gosaria egin zuten elkartearen egoitzan bertan. Bai ibilaldia, bai ondorengo mokadua prestatzeko lanetan 25-30 bat lagun ibili dira. Jakinarazi dutenez, 2018koa prestatzen hasi dira. “Ea aurtengoa bezalako arrakasta (gutxienez) izaten dugun!”.